Untzueko Udalak eta NILSAk araztegia inauguratu dute - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2024

2024KO MAIATZAK 14  

Untzueko Udalak eta NILSAk araztegia inauguratu dute

Untzueko Udalak eta NILSAk herriko araztegia inauguratu dute gaur goizean. Mairagako Mankomunitatea ere gonbidatuta zegoen, baina ezin izan da etorri sute bat gertatu delako industria-nabe batean. Ordezkariek hara joan behar izan dute presaz.
 
Lurralde Kohesioko Departamentuko Toki Administrazioko zuzendari nagusi Jesús María Rodríguez ere bertaratu da, Nafarroako Gobernuaren izenean. Toki-entitateen eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza hondakin-urak arazteko ereduan nabarmendu du; 1989tik dago indarrean lankidetza hori.
 
Bestalde, NILSAko gerente Fernando Mendozak instalazio berria, bete-betea, aurkeztu du, Iker Echeverría alkatea aurrean zegoela. Bertaratutakoak instalazioaren barna ibili, eta uraren zikloaren garbiketa-fasea, ibaira itzuli aurretik, ezagutu dute.
 
Araztegi berria eraiki arte, Untzuek hobi septiko bat zuen. Proiektua 2021ean aurkeztu zien NILSAk toki-entitateei, onets zezaten. Instalazio berria osoagoa eta teknikoki konplexuagoa da, eta hondakin-urak zorrotz-zorrotz tratatzen dituela bermatzen du. Halaber, bermatzen du ez dela inolako iragazterik gertatuko inguruko akuifero garrantzitsuetan, hala nola Artusia errekan. Artusia Azpuru errekaren adarra da, eta azken horrek Zidakos ibaian isurtzen dituen urak, hots, ingurumenaren ikuspegitik Nafarroako ubide kalteberenetako batean.
 
Instalazioa Artusiaren ezkerraldean kokatu da, aurreko hobi septikoa zegoen leku berean, eta 310 biztanle baliokideren hondakinak arazteko ahalmena du. Hondakin-urak bideratzeko bi hodi iristen dira haraino: iparraldetik datorrenak herriaren goiko aldeko emaria jasotzen du, eta hegoaldekoak, berriz, kota baxuagoan dagoena. Kolektore horiek ez dira kendu egoera onean zeudelako. Kolektoreen sarrera bai aldatu da pixka bat, hala ere, Imhoff tanga berri bat jartzeko; horrez gain, iragazki bat jarri da, ura harrizko ohantze baten gainean banatzen duena balantzin baten antza duen sistema mekaniko baten bidez. Ohantze hori elementu garbitzailea izango da, eta abantaila bat du: ez du energia elektrikorik behar; beraz, askoz merkeagoak izango dira mantentze-lanak. Ondoren, ura bigarren mailako dekantagailura pasatzen da.
 
Hasieran, zegoen hobia aprobetxatzea aurreikusi zuen proiektuak, baina, hustu eta aztertu ondoren, hondatuta zegoela ikusi zen. Imhoff tanga bat jartzea erabaki zen orduan.
 
Azkenik, hezegune artifizial batetik igarotzen da ura; 129 metro koadroko azalera eta eta 80 zentimetroko sakonera ditu. Halaber, hezegunearen barruan maila aldatzeko elementu bat izango du; langileen erabakia izango da hori, sortzen diren beharren arabera betiere.
 
Eguneko batez besteko emaria segundoko 0,60 litro izatea aurreikusten da, hau da, egunean 52 metro kubiko. Instalazioak 4,17 litro segundoko onartuko ditu gehienez; hortik aurrera, gainezka egingo luke, baina hori ez da oso litekeena, halako zazpi igo beharko bailitzateke ohiko emaria. Neurri horiek herrian bildutako azken urteetako batez besteko datuekin lortu dira.
 
NILSAko langileek hilean bitan egin beharko dituzte mantentze-lanak. Tangak zainduko dituzte, zehazki, buxadurarik edo kanpo-isurketarik ez dagoela egiaztatzeko, baita metatutako lohi- eta flotatzaile-mailak ikuskatzeko ere. Iritsitako hondakinak eta sasiak ere kenduko dituzte, eta garbiketako eta lorezaintzako lan orokorrak ere egingo dituzte.
 
NILSAk bere instalazio guztietan hartzen ditu ur-laginak, emariaren bolumen eta kutsaduraren arabera. Untzuen, zehazki, sei hilean behin hartuko ditu. Jarraipen horren bidez, tratatutako uraren kalitatea ezin hobea dela eta isurketei buruzko araudi osoa betetzen duela egiaztatzen da. Urtean behin garbituko da instalazio osoa; eta erabat hustuko da horretarako.
 
Proiektuaren kostua 275.011 euro izan da, eta saneamendu-kanonarekin finantzatu da. 2019-2030 Hiri Erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailearen barruan sartzen da. Plan horretan, toki-entitate guztiek parte hartu ahal izan zuten, parte-hartze publikoko prozesuaren bidez. Kanona zerga bat da, eta herritar guztiek ordaintzen dute uraren ordainagiriaren bidez.
 
NILSAk, Nafarroako Gobernuko erakunde instrumentala den aldetik, eta kontzejuek, udalek eta mankomunitateek elkarrekin lan egitea funtsezkoa da ura oinarrizko baliabide gisa behar bezala kudeatzeko eta lurraldearen gobernantza jasangarria lortzeko, azken horren helburua landa-hustuketari aurre egitea delarik. Untzuek 154 biztanle ditu erroldatuta, eta goikoaren adibidea da, baita Nafarroako Gobernuak 250 biztanle baino gutxiagoko herrietan lehen mailako azpiegiturak jartzearen alde egiten duen lanarena ere.