NILSAk eta Orotz-Beteluko Udalak araztegia inauguratu dute - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2024

2024ko maiatzaren 14an

NILSAk eta Orotz-Beteluko Udalak araztegia inauguratu dute

Gaur goizean, Orotz-Beteluko udalbatzak, Josep Franquesa alkatea buru zuela, herriko araztegia inauguratu du, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentuko Toki Administrazioko zuzendari nagusi Jesús María Rodríguezekin eta NILSAko kudeatzaile Fernando Mendozarekin batera (Nafarroako saneamenduaz eta arazketaz arduratzen da NILSA sozietate publikoa).

Udalerriak 153 biztanle ditu erroldatuta, eta hormigoizko Imhoff tanga bat, 2004koa, zuen araztegi berria eraiki arte. Gaur egungo instalazioak nabarmen hobetu ditu edukiera eta eraginkortasun teknikoa. Instalazio berria NA-2040 errepidearen eskuinaldeko partzela batean dago, eta alde batean errepidea eta bestean Itoizko urtegia ditu mugakide. Ponpaketa bidez bideratzen da hondakin-ura haraino. Ponpaketa-sistema aurreko Imhoffaren ondoan jarri da, zeina beste segurtasun-elementu bat baita hondakin-uraren tratamenduan.

Ponpaketak ura arindu beharko balu instalazioak nahikoa gaitasun izango ez balu emarian izan litezkeen aparteko gertaerengatik, ur zikina Imhoffen biltegiratuko da, halako moldez non, gutxienez, elementu solidoen aldez aurretiko dekantazioa izango eta haiei atxikitzeko denbora egongo baita Irati ibaira iritsi aurretik.

Instalazio berriaren kostua 696.987 euro izan da. Batez beste egunean 0,69 litro segundoko emaria tratatzeko diseinatuta dago (60 metro kubiko egunean), eta 4,84 litro segundoko hartuko lituzke gehienez; hortik aurrera, funtzionatzeari utziko lioke, baina nekez gertatuko da hori, aurreikusitako batez besteko emaria halako zazpi baita. Ur-emari handiko egunetan, euri-jasek edo ekaitzek eragindakoetan, adibidez, 1,66 litro segundoko emaria jasoko dela aurreikusi da.

Halaber, urrutiko kontroleko sistema bat dago (NILSAko bulegoetatik edo interneten bidez kontrolatu ahalko da), eta, horri esker, gerta litekeen edozein matxura edo alarmaren berri izan daiteke (24 orduko epean, gehienez, konponduko dira). Bestalde, mantentze-lanetako langileek astero bisitatuko dute instalazioa Materia organikoaren maila eta egoera orokorra gainbegiratuko dituzte, baita hondarrak kendu eta lorezaintza eguneratu ere.

Gaurko inaugurazioa 2017ko ekainean abiatu zuen proiektuaren amaiera izan da. Izan ere, lehen idazketa egin zen urte horretan. Gero, 2018ko azaroan, Ebroko Ur Konfederazioak Itoizko urtegiaren atzealdeko presa txikiaren eraikitzeak eragindako uholde-kurbei buruz egindako kontsiderazioen ondoren, beste proposamen bat idatzi zen. Kurbek uholde-kota igotzen zuten. Instalazioaren proiektua ehun urteko birgertatze-aldiaren barruan zegoen, eta horregatik aldatu behar izan zen.

Urte horretako abenduan, udalak beste leku batean kokatzeko eskatu zuen, herritik hurbil zegoelako eta inpaktu bisuala zuelako; izan ere, bi faktore horiek oso garrantzitsuak dira Pirinioaurreko herri horretarako. Hala, NILSAk onartu egin zuen hirugarren kokaleku bat bilatzea. Eta huraxe onetsi zen, 2019ko amaieran.

Proiektu honen tramitazioak, beste behin ere, NILSAren, Nafarroako Gobernuko erakunde instrumentala den aldetik, kontzejuen, udalen eta mankomunitateen arteko lankidetza erakusten du, baita Estatuko erakundeekin, hala nola ur-konfederazioekin, egindakoa ere.

Ahaleginak koordinatzea eta parte hartzen duten alderdi guztien adostasuna lortzea funtsezkoak dira ura oinarrizko baliabide gisa behar bezala kudeatzeko, bai eta lurraldearen gobernantza jasangarria lortzeko ere, landa-despopulazioari aurre egitea helburu. Hala uste du Nafarroako Gobernuak, zeina, NILSA sozietate publikoaren bidez, 1989tik ari baita lanean lurralde-mailen arteko lankidetzan oinarritutako arazketa- eta saneamendu-eredu batean.

Orotz-Betelu haren adibidea da, baita nafar gobernuak 250 biztanletik beherako herrietan lehen mailako azpiegiturak jartzeko egin duen ahalegin estrategikoarena ere. Beste urrats bat da lurralde guztietan biztanleria finkatzeko, populazio-dentsitate txikiagoa dutenetan edo geografikoki urrunen daudenetan ere.