NILSAk energia berriztagarri bihurtuko du arazketaren ondoren geratzen den lohia - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2024

2024ko urtarrilak 31

NILSAk energia berriztagarri bihurtuko du arazketaren ondoren geratzen den lohia

Tudela araztegia

NILSA Nafarroako bigarren araztegi handiena eguneratzen ari da, Tuteran kokatua, eta etxeetako eta enpresetako hondakin-ura araztu ondoren geratzen diren lohiak jaso, kudeatu eta deshidratatu nahi ditu. Hiru etapako proiektu baten lehen fasea da, eta azken helburua ekonomia zirkularraren alde egitea da. Horretarako, lohiaren balioa handitu nahi da nekazaritzarako ongarri gisa, eta, aldi berean, energia berriztagarria sortzea aurreikusten da. Energia horri esker, arazketa-instalazio guztiak autosufizienteak izango dira, eta, gainera, milioi bat euro baino gehiago lortuko dira urtean, ekoitzitako biometanoa salduko baita gas naturalaren sarera. Horrela aurkeztu du gaur Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuari atxikitako sozietate publikoak Tuterako Udalean, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren baimen eta tramiteak egin ditzaten.
  
Lehen fasearen lizitazioa abenduan jarri zen martxan, eta zenbatekoa 10.286.296,43 eurokoa da. NILSAk aurreikusten du martxoan edo apirilean esleituko dela. Birmoldaketa prestatzeko fasea abian da dagoeneko, eta proiektua 2026an bukatuko da.
  
Bigarren fasea 2025ean izango da, eta araztegiko digestore berriak inplementatu beharko dira, lohiak modu anaerobikoan (oxigenorik gabe) eta termofiloan (55 °C-ko tenperaturan) tratatu daitezen. Teknika horren bidez, higienizazioko irizpide arau-emaileak betetzen dira edozein patogeno kentzeko eta nekazaritzan erabiltzeko prest uzteko.
  
Azken helmuga hurbileko landa-eremuak izango dira, hondakin hori baliabidea izan dadin eta, gainera, aplikatzeko orduan hurbiltasun-irizpidea kontuan har dadin. Araztegiko lohiak landarako funtsezkoak diren elikagaietan aberatsak dira, hala nola fosforoa, nitrogenoa eta, neurri txikiagoan, potasioa.
 

Energia berdea
Bestalde, tratamenduaren prozesutik gas biometanoa aterako da, gas naturalaren sarera injektatuko da eta Nafarroako instalazio guztien balantze energetiko positiboa lortuko da. Biometanoa saltzeak milioi bat euro baino gehixeago ekarriko dizkio urtean sozietate publikoari, eta bere aurrekontuan kontabilizatuko dira. NILSAk, azken bost urteetan Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalarekin (CENER) egindako zenbait azterlanen laguntzarekin, 11,8 gigawatteko urteko kalkulua egin du, eta 2025erako lortuko da.
  
Proiektuaren barruan, eta osagarri gisa, NILSAk plan bat sartu du Nafarroako araztegietan eguzki-plakak jartzeko, toki bakoitzaren klimak eraginkortasuna bideragarri egiten duen kasuetan. 2022an, Nafarroako bost araztegik zituzten plaka fotovoltaikoak, eta guztira 425 megawatt sortzen zituzten ordu bakoitzeko. 2026rako, 26 instalazio aurreikusten dira, eta 1.466 megawatt sortuko dituzte orduko.
  
Eguzki-energiaren aldeko apustu horrek (Iruñerriko Mankomunitateak Arazuriko araztegian hartutakoekin batera) Nafarroako saneamenduaren eta arazketaren ia autosufizientzia energetiko osoa lortuko du. Hori hondakin-urei buruzko Europako hurrengo zuzentarauaren errekerimendua da, eta aurreko urteko urrian ezagutarazi zen Europar Batasuneko Kontseiluak eta Parlamentuak egindako zirriborroa.
  
Gogoan izan behar dugu hondakin-uren saneamenduak energia-kontsumo handia eskatzen duela. Gaur egun, Nafarroan araztegiak kudeatzen dituzten hiru erakundeen (NILSA eta Jurramendiko eta Iruñerriko mankomunitateak) kontsumoa 35,4 gigawatt ordukoa da urteko (GWh/urte). Tuteran aurreikusitako produkzioak (11,8 GWh/urte), fotovoltaikoarekin batera (1,5 GWh/urte), eta Arazurin aurreikusitakoak (19,6 GWh/urte) Foru Erkidegoaren saneamendu- eta arazketa-sistema osoak kontsumitzen duen energiaren % 93 osatuko dute, eta Iruñerriko Mankomunitateak aurreikusten duen energia fotovoltaikoaren berehalako planarekin osatuko da. Horrela lortuko da Nafarroako arazketaren neutraltasun klimatikoa, Europar Batasunaren helburuarekin bat. Izan ere, Europar Batasunak Europa osoa hala izatea nahi du 2050erako. 

Estatuaren onespena
Bestalde, NILSAren proiektua Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak babestu zuen joan den udan. Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutua (IDAE) ministerioari atxikita dago, eta laguntza eman zion biogas-instalazioetako proiektu berezietarako pizgarrien programaren lehen deialdian. Programa Espainiako Gobernuak abian jarritako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren parte da, eta Europar Batasuneko NextGeneration funtsak ditu. Emandako laguntzaren zenbatekoa 1,75 milioi eurokoa izan da.

Azken fasea
Hirugarren faseari dagokionez, 2025erako aurreikusten da, eta lohiak kudeatzeko instalazio bat egokitu beharko da, Tuterako araztegitik gertu, baina haren perimetrotik kanpo, espazio handi bat behar baita.Han, lohi deshidratatua eta higienizatua tratatu nahi da, eguzki bidezko lehorketaren bidez. Ordurako, proiektuaren helburuak bideratuta egongo dira, eta garrantzi handia ematen zaio lehenengoari: Nafarroan sortzen den arazketako lohiaren % 100 energia berde bihurtzea. Ahaztu gabe ekonomia zirkularra (mantenugaiak berreskuratzea), karbono-aztarnaren minimizazioa eta neutraltasun klimatikoa, erakunde publikoek eta NILSAk (Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako departamentuaren tresna kudeatzaile gisa) modu publikoan kudeatutako prozesu baten barruan.