NILSAk Aguilar Kodeskoko araztegia eman dio udalari - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2024

2024ko martxoaren 26a

NILSAk Aguilar Kodeskoko araztegia eman dio udalari

Aguilar de Codés

2020ko urrian, NILSAk araztegiaren proiektua aurkeztu zion Aguilar Kodeskoko Udalari, eta, oraingoan, araztegia eman dio toki-entitateen eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza-araubidea adierazten duen protokolo-ekitaldi batean. Fernando Mendoza gerentea bertaratu da NILSAren partetik, hau da, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentuari atxikitako sozietate instrumentalaren partetik, eta Jesús Ángel Amescua Martínez de Rituerto alkatea, udalaren partetik. Biak han egoteak gobernuko lurralde-mailen arteko lankidetza nabarmendu nahi izan du. 

Hartara, erroldatutako 67 bizilagunek jada duten instalazioak biztanleria-dentsitate handiagoko beste edozein udalerrik duenak bezain egoki tratatuko du amaierako isurketa. Urteko garai batzuetan, 150 biztanle ere bizi daitezke Aguilar Kodeskoan, eta honelako instalazioa zuten lehen: hobi septiko bat, 42 metro kubikokoa, herrigunetik 190 metrora. Bada, instalazio berriak aprobetxatu egin du aurreko instalazio hori.  

Tamaina horretako herriak arazteak ahalegin handiagoa eskatzen du, mantentzeko lan gutxi behar duten eta, ahal bada, energia elektrikorik gabe funtzionatzen duten sistema sendoak instalatu behar direlako. Hala, eremuaren desnibelak ahalbidetzen badu, oinarrizko sistema bat, balantzin bakarrekoa, aukeratzen du NILSAk; izan ere, elektrizitaterik gabe eraman dezake ura ohantzera eta, gainera, grabitate bidez ateratzen da ura bigarren mailako tanga batera. Araztegiaren kokapena egungo instalazioa kontuan hartuta zehaztu da, desnibelak ahalbidetzen duelako eta hobiaren eta Linares ibaira ura isurtzeko eremuaren arteko espazioa behar bezain zabala delako.

Uraren tratamenduaren amaierako etapan, bi hezegune artifizial jarri dira, 114 metro karratuko azalerakoak eta 80 zentimetroko sakonerakoak; urtean behin berrikusiko dira lorategiak, eta, beharrezkoa bada, landareak moztu.

Araztegia batez beste 0,36 litro segundo inguruko emaria tratatzeko diseinatu da (31m³ egunean), eta, 2,5 litro segundoko jaso ahal izango ditu gehienez. Emari handiko egunetan, uholde-urek edo ekaitzek eragindakoetan, adibidez, 0,86 litro segundoko emaria jasoko dela aurreikusi da; beraz, etorkizunean emari handiagoak jasotzeko tartea badu instalazioak, birmoldaketa edo inbertsio berriak egin beharrik gabe horretarako.