Chivite kontseilariak berrikuntza teknologikoak eta iraunkortasunak uraren kudeaketa eraldatzeko duten garrantzia nabarmendu du - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2024

2024ko maiaterzak 30

Chivite kontseilariak berrikuntza teknologikoak eta iraunkortasunak uraren kudeaketa eraldatzeko duten garrantzia nabarmendu du

Óscar Chivite Lurralde Kohesioko kontseilaria NUPeko Tuterako campusera joan da gaur goizean, uraren hiri-zikloaren digitalizazioari buruzko jardunaldi batera. Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta NILSA sozietate publikoak antolatu dute ekitaldia, Tokiko Iraunkortasuneko Katedraren bidez. Sektoreko adituak, akademikoak eta profesionalak bildu ditu topaketak, digitalizazioak ura kudeatzeko dakartzan erronka eta aukerak jorratzeko.

Chivite kontseilariak berrikuntza teknologikoak uraren kudeaketaren eraldaketan duen garrantzia azpimarratu du hitzaldian. "Inflexio-puntu batean gaude, non teknologiak eraginkortasuna eta kalitatea hobetu baititzake ur-zerbitzuan, hau da, zerbitzu garrantzitsu-garrantzitsu batean. Gelditzeko iritsi da digitalizazioa, eta gure baliabide hidrikoak modu adimentsuago eta iraunkorragoan kudeatzeko aprobetxatu behar ditugu bere tresnak".

Jardunaldian, digitalizazioan Nafarroan izandako hainbat esperientzia eta proiektu aurkeztu dira, bai eta beste autonomia-erkidego batzuetako esperientziak ere, hala nola Madrilgoa. Haiek guztiek Nafarroako Ur Digitala PERTEk marraztu zituen ildo nagusietan sakontzen dute. PERTEk bultzada handia jaso zuen Espainiako Gobernutik joan den urrian, 7,99 milioi euroko finantziazioa lortu baitzuen Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioak antolatutako deialdi batean. Proiektuak, zeinak NILSA baitu buru Iruñerriko Mankomunitatearen eta Jurramendiko Mankomunitatearen lankidetzarekin, uraren ziklo integrala egituratzen duten azpiegituretan erabilitako kontrol, jarraipen eta eragiketako sistemak hobetzea du helburu; zikloak ura hartzen denetik araztu ondoren ibaira itzultzen den arte barne hartzen du.

Chivite kontseilariak azpimarratu bezala, xedea da “gure baliabide hidrikoak modu adimentsuago eta iraunkorragoan kudeatzea, arazoei aurrea hartzea, prozesuak optimizatzea eta ur-tanta bakoitza ahalik eta modurik eraginkorrenean erabiltzen dela ziurtatzea”.

Programan, halaber, NUPeko adituen txostenak izan dira, uraren digitalizazioaren eta kudeaketa eraginkorraren berrikuntzaren giltzarriei buruzkoak. LIFE Nadapta proiektuaren esperientzia ere sartu da. Proiektu horrek uraren kudeaketa eraginkorraren bidez klima-aldaketara nola egokitu aztertzen du, eta 2017an eman zioten Nafarroari (klima-aldaketara egokitzeko lehen proiektu europarra izan zen europar erregio bati ematen). Aurrekontuak 15,6 milioi euro jo zuen. Nafarroako Gobernuaren estrategia klimatikoan politikak eta eragileak integratzeko konpromisoa eta ahalmena baloratu ditu Europar Batasunak, eta estrategia horrek, gainera, bultzada jaso berri du ur-lerroan PERTErekin.
 
Gainera, Espainiako Hornidura eta Saneamendu Elkarteko (AEAS) eta Canal de Isabel Segunda-ko ordezkariek hartu dute parte gaurko jardunaldian. Horiek sektorearen digitalizazioan Estatuan izandako esperientziak eta aurrerapenak partekatu dituzte. AEAS hiri-uraren sektoreko erreferentziazko elkartea da Espainian. Sektore publikoko nahiz pribatuko 300 enpresa ditu, eta enpresa horiek guztira 35 milioi pertsonari baino gehiagori ematen diete zerbitzua, 1.700 udalerritan. Joan den udan, NILSAko biokimika-ingeniari eta ikertzaile Andrea López AEASko I+G+B taldeko idazkari tekniko izendatu zuten. Talde horretan, sozietate publikoko beste ingeniari batek ere parte hartzen du, Irati Aldazek, zehazki, informazioa modelizatzeko lanetan (BIM, ingelesezko siglak: building information modelling).
 
Ekitaldia amaitzeko, bisita teknikoa egin zen Tuterako Hondakin Uren Araztegira. Uraren kudeaketan teknologia digitalak ezartzearen adibide praktikoak erakutsi dira han. Bihar, maiatzak 31, NILSAko I+G+Bko arduradunak, Jairo Gómezek, gaur Nafarroan Europar Batasunaren Aste Berdearen barruan (EU Green Week) antolatutako ekitaldietako gaiak laburbilduko ditu. Nafarroak Bruselan duen ordezkaritzak sustatzen du EU Green Week, urtero.
 
Jardunaldiak Nafarroako Gobernuak iraunkortasunarekin eta berrikuntzarekin duen konpromisoa islatzen du, eta, gainera, erakunde publikoen, pribatuen eta akademikoen arteko lankidetza sustatzen du, erronka globalei aurre egiteko eta etorkizuneko belaunaldientzat etorkizun iraunkorrago bat bermatzeko.