Uraren PERTEak 7,99 milioi euro eman dizkio NILSA buru duen proiektuari - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2023

2023ko urriak 6

Uraren PERTEak 7,99 milioi euro eman dizkio NILSA buru duen proiektuari

Iruñerriko Mankomunitateak, Jurramendiko Mankomunitateak eta NILSA sozietate publikoak, zeina Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentuari atxikia eta Agua Digital Navarra / Nafarroako Ur Digitala (ADNa) proiektuaren liderra baita, 7.995.465,44 euro jaso dituzte beren proposamenerako. Energia Trantsiziorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak eman ditu, joan den irailaren 28an jakinarazitako behin-behineko ebazpen batean. ADNa proiektuak 13,45 milioi behar zituen guztira, eta, beraz, Estatuak Europako funtsen kargura emandakoa erdia baino gehiago da.

Joan den otsailean aurkeztu zen Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministeriora, uraren PERTE nazionalean lehiatzeko, eta % 80raino finantza liteke Next Generation funtsen bidez. Ministerioak ematen duen gutxieneko laguntza hiru milioi eurokoa da, eta gehienezkoa, hamar milioikoa. PERTEak ekonomia berreskuratzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoak dira, eta lankidetza publiko-pribatuko tresna gisa jarduten dute; pandemiaren ondoren Europako ekonomia berrabiarazteko helburua dute, iraunkortasun handiagoko ildo batean ekonomiaren eta ingurumenaren arloetan.

Proiektu bat Nafarroa osoarentzat
Nafarroan, bi mankomunitateak, enpresa publikoarekin batera, hiri-erabilerako uraren ziklo integralaren hiru kudeatzaile nagusiak dira: biztanleen % 64,7 dira edateko uraren horniduraren arloan, eta biztanleen % 100, hondakin-uren arazketaren eta saneamenduaren arloan.

Proiektuak hau du ardatz: uraren ziklo integrala egituratzen duten azpiegituretan erabilitako kontrol-, jarraipen- eta operazio-sistemak digitalizatzea. Ura hartzen denetik araztu ondoren ibaira itzultzen den arte hartzen du barne zikloak. Jarduketa horien zati bat Hiri-erabilerako Uraren Ziklo Integralaren 2019-2030 Plan Zuzentzailean jaso ziren jada. Nafarroako Parlamentuak 2019ko maiatzean onetsi zuen plana.

Hola tokiko entitateekin nola ministerioarekin adostutako neurriak dira, eta, era berean, Mediterraneoko eta Kantauriko arroetako plan hidrologikoen helburuekin bat egiten dute. Arro horien agintari nagusiak kasuan kasuko konfederazio hidrografikoak dira.

Beraz, erakunde publikoen asmoa da ADNa-k masa hidrikoen egoera hobetzen, ingurumen-helburuak betetzen eta baliabideen eraginkortasunean aurrera egiten laguntzea, bereziki ihesei eta horniduraren bermeari eta kalitateari dagokienez. Demografiaren arloan, aldiz, erronka hauei heldu nahi die: uraren zerbitzuaren bidez landa-eremuetako lurralde-kohesioa finkatzea eta enplegu kualifikatua sustatzea eta sortzea; azken horren bektoreetako bat genero-berdintasuna sustatzea izango da.

Nafarroako proiektua Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko Uraren Zuzendaritza Nagusiak onartu zuen joan den otsailean, eta beste hamabost autonomia-erkidegotako 157 proiekturekin lehiatu zen (guztira 49 probintzia eta 3.200 udalerri zeuden tartean); 1.022 milioi euro eskatzen zituzten guztira, eta deialdiak 200 milioi euroko funtsak baino ez zituen aurreikusita.

Klima-aldaketa
Estatuko Meteorologia Agentziaren (AEMET) datuen arabera, 2023ko lehen hilabeteetan, Espainiako zati handi batean, azken hamar urteetako batezbestekoa baino % 75 euri gutxiago egin zuen. Gainera, uda honetan, herrialdearen % 40 alerta- edo larrialdi-egoeran egon da ur-eskasiaren kausaz. Ebroko, Guadalquivirko eta Guadianako arroek izan dute, zehazki, egoerarik okerrena udan.

Lehorteak bereziki Iberiar penintsulari eragiten dio, baina ez bakarrik: Iaz, Europar Batasuneko lurraldearen % 64ri eragin zion. Argi dago, beraz, testuinguru horretan, gero eta urriagoa den baliabide hori babestearen garrantzia. 2002an, Espainian 536 litro prezipitazio erregistratu ziren batez beste metro koadroko, hau da, balio normala (641 litro metro koadroko) baino % 16 gutxiago. Lehortea, muturreko beste fenomeno batzuekin batera (ustekabeko prezipitazioak, oso ugariak, uholdeak eragiterainokoak), klima-aldaketaren inpaktu negatiboen parte da; hona hemen inpaktu horietako batzuk: uzten ekoizpenaren % 80raino galtzea, arrainen eta ibai-habitatetako beste espezie batzuen bizitza kaltetzea, landaredia, oro har, kaltetzea, suteak areagotzea eta gizon-emakumeen osasunean eragitea, besteak beste.

Next Generation
Next Generation funtsek koronabirusaren pandemiaren ondoren Europar Batasuneko ekonomia suspertzea dute xede: Espainiak duela bi urtetik jasotzen ditu, 141.000 milioi euro guztira herrialde osoarentzat. Dirulaguntzen eta zuzeneko laguntzen artean banatzen dira, ia zati berdinetan. Uraren PERTE Espainiako Gobernuak dagoeneko onartu dituen hamabietako bat da. Hona hemen besteak: ibilgailu elektrikoak, osasuna, energia berriztagarriak (hidrogeno berdea barne), nekazaritzako elikagaiak, hizkuntzaren ekonomia berria, ekonomia zirkularra, ekonomia sozial berria, ontzigintza, industria aeroespaziala, mikroelektronika eta deskarbonizazioa.