Untzueko araztegi berriaren lizitazioa, abian - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2023

2023KO EKAINAK 14

Untzueko araztegi berriaren lizitazioa, abian

Untzueko Udalak eta Mairagako Mankomunitateak 2021eko irailean ezagutu zuten NILSAk, saneamenduaz arduratzen den eta Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentuari atxikita dagoen enpresa publikoak, herrirako egindako araztegi-proiektua. Gaur atera da lizitaziora behin betiko proiektua, Nafarroako kontratazio-atarian (https://hacienda.navarra.es/sicpportal/mtoAnunciosModalidad.aspx?Cod=230614150921C3646917). Zuzkidura ekonomikoa 266.771,25 euro da (BEZa barne). Lizitazioan interesa duten enpresek uztailaren 4ra arte aurkeztu ahal izango dituzte eskaintzak.

Untzue Erriberriko merindadekoa da eta 154 biztanle erroldatu ditu. Gaur egun, putzu septiko bat du. Proiektu berriari 2023an ekingo zaio, eta, hari esker, hondakin-uraren tratamendu sakon-sakona bermatuko da, eta, horrez gain, ez da inolako iragazterik gertatuko inguruko akuifero garrantzitsuetan, hala nola Artusia errekan (Azpuru errekaren adarra da, zeinak Zidakos ibaian isurtzen dituen urak, hots, ingurumenaren ikuspegitik Nafarroako ubide sentikorrenetako batean).

Gaur egungo instalazioa Artusia errekaren ezkerreko ertzean dago, eta 25 metro kubiko biltegira ditzake. Hondakin-urak bideratzeko bi hodi iristen dira haraino: iparraldetik datorrenak herriaren goiko aldeko emaria jasotzen du, eta hegoaldekoak, berriz, kotarik baxuagoan dagoena. Kolektore horiek egoera onean daudenez, ez dira kenduko. Hala ere, kolektoreen sarrera bai aldatuko da pixka bat, Imhoff tanga berri bat jartzeko; instalazio osatzeko, balantzin motako emaria jarriko da, ura harrizko ohantze baten gainean banatuko duena. Ohantze hori elementu garbitzailea izango da, eta abantaila bat du: ez du energia elektrikorik behar; beraz, ondorengo mantentze-lanak askoz merkeagoak dira.

Bestalde, toki berean jarriko da proiektu berria, lurraren desnibela ezin egokiagoa baita ura grabitate bidez bultzatzeko.

Azkenik, hezegune artifizial batetik igaroko da ura; 129 metro koadroko azalera eta eta 80 zentimetroko sakonera izango ditu. Halaber, hezegunearen barruan maila aldatzeko elementu bat izanen du; langileen erabakia izango da hori, sortzen diren beharren arabera betiere. Eguneko batez besteko emaria segundoko 0,60 litro izatea aurreikusten da, hau da, egunean 52 metro kubiko. Instalazioak onartuko duen gehienekoa 4,17 litro da segundoko; hortik aurrera, gainezka egingo luke, baina hori ez da oso litekeena, halako zazpi igo beharko bailitzateke ohiko emaria. Neurri horiek herrian bildutako azken urteetako batez besteko datuekin lortu dira.

Toki berean isuriko dira ur garbiak natur ingurunera, Artusia errekan, zehazki.

Instalazioa eraiki ondoren, NILSAko langileek bi aldiz egin beharko dituzte mantentze-lanak hilean. Tangak zainduko dituzte, zehazki, buxadurarik edo kanpo-isurketarik ez dagoela egiaztatzeko, eta metatutako lohi- eta flotatzaile-mailak ikuskatzeko. Iritsitako hondakinak eta sasiak ere kenduko dituzte, eta garbiketako eta lorezaintzako lan orokorrak ere eginen dituzte. NILSAk bere instalazio guztietan hartzen ditu ur-laginak, emariaren bolumen eta kutsaduraren arabera; sei hilean behin hartuko ditu kasu honetan. Jarraipen horren bidez, tratatutako uraren kalitatea ezin hobea dela eta isurketei buruzko araudi osoa betetzen duela egiaztatzen da. Urtean behin garbituko da instalazio osoa; eta erabat hustuko da horretarako.

Proiektuaren kostua 2019-2030 Hiri-erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailean sartzen da (arazketaren eta saneamenduaren atala). Toki-entitate guztiek parte hartu ahal izan zuten plan horretan, 2017an eta 2018an egindako partaidetza publikoko prozesuaren bidez. NILSAk, Nafarroako Gobernuaren erakunde instrumentala den aldetik, eta kontzejuek, udalek eta mankomunitateek elkarrekin lan egitea funtsezkoa da ura oinarrizko baliabide gisa behar bezala kudeatzeko eta lurraldearen kudeaketa jasangarria egiteko, landa-hustuketari aurre egingo dion kudeaketa jasangarri bat egiteko, zehazki