NILSAk Lerateko araztegi berria esleitu du. Urtebete barru prest egongo da eta milioi bat euroko kostua izanen du - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2023

2023ko azaroaren 20

NILSAk Lerateko araztegi berria esleitu du. Urtebete barru prest egongo da eta milioi bat euroko kostua izanen du

Lerateko araztegi berriaren eraikuntza 1.085.092 euroan esleitu dio NILSA sozietate publikoak Excavaciones Fermín Osés enpresari. Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentuari atxikia dago NILSA. Obrak 2024ko urtarrilean hasi eta urrian amaituko dira. Proiektuak egungo instalazioa ordeztuko du. Instalazio hori 1993koa da, eta birmoldaketak egin izan dira, hala nola, 1999an, sistema osagarri gisa aintzira artifizialak sortu eta, 2007an, harea-iragazkia jartzea, baina ez dira nahikoak izan.

Gaur egun, Leratek 20 biztanle ditu erroldatuta; udan, aldiz, 65 biztanle inguru ditu. Horiez gain, Aritzaleku kanpineko ostalariak daude. Gero eta jarduera-maila handiagoa du kanpinak urtetik urtera, eta, gaur egun, 1.257 lagun ere har ditzake. Horrek eskatzen du sistema modernizatzea eta zabaltzea; izan ere, hasieran, hobi septiko bat eta ponpaketa baino ez zituen, Allozko urtegiko aparkalekuko komunen ondoan kokatuak.

Urtaro batzuetan karga kutsatzaile handiagoa eta beste batzuetan kutsadura txikia duten herriek sistema sendoak behar dituzte, mantentze-lan gutxi eskatzen dutenak, alde batetik, eta, bestetik, neguan energia elektrikorik gabe funtzionatzen ahal dutenak. Hala ere, udan, beharrezkoa da emaria nabarmen aldatzen denean segurtasuna emango duen eta ezustekoen edo eurite bortitzen ondoriozko gainezkatzeak saihesten dituen instalazioa izatea. Bigarren irizpide horrekin, eta jarduera turistiko gero eta handiagoa kontuan hartuta, soluzio hau planteatu da: hobi septikoaren ondoko kolektore nagusia hartu, hirigunetik urrundu eta araztegi berrira eramatea, beste trazadura batean barna. Instalazio berria egungo harea-iragazkiaren ondoan kokatuko da; iragazkiak bertan jarraituko du, aintzirek bezala, baina partzialki birmoldatuko da.

Instalazioak, batez beste, 327 metro kubiko hondakin-ur tratatuko ditu egunean. Garbitu ondoren, Sorginiturri errekara isuriko da, eta, gero, Allozko urtegira, hau da, bainatzeko egokitutako Nafarroako natura-gune ospetsuenetako batera. Hala ere, instalazioaren ahalmena eguneko batez bestekoa baino halako zazpi da, presio gehiago egongo balitz ere bisitarien edo hirigintza- edo ostalaritza-garapen berrien aldetik; helburua da aurrerantzean beste inbertsiorik egin behar ez izatea.
Ponpaketa-estazio bat eta atxikipen-tanga bat ere dira proiektuaren elementu berriak; kontzejuaren herri-lurzati batean kokatuko dira, eta zapalden eta lur-kabailoien bidez, landare-pantailei lotuta, integratuko dira paisaian, ikus-inpaktua minimizatzeko.

Proiektua 2021eko abenduan aurkeztu zien NILSAk Izarbeibarko Udalari eta Mankomunitateari, bere oniritzia lortzeko. Izan ere, NILSA, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuari atxikitako sozietate publikoa, da toki-erakundeekin elkarlanean diharduen erakunde instrumentala.

Finantziazioa saneamendu-kanonaren kontura izango da oso-osorik; Nafarroako biztanle guztiek uraren ordainagiriaren bidez ordaintzen dute kanona, eta sozietate publikoak urtero kudeatzen du, 2019an onetsi eta 2030a arte indarrean dagoen Hiri-erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailean ezarritako plangintzarekin bat.

Planaren 7. ekintza-lerroan saneamendua hobetzea jasotzen da, bi ataletan azpibanatuta: uren tratamendua eta lohien tratamendua. Lehenengoaren barruan eta aparteko konponketen funtsaren esparruan kokatzen da proiektu hau.

Obra publikoa Espainian
COVIDaren pandemiak herrialde osoan zehar eragindako obra publikoaren geldialdiaren ondoren, inflazio-igoera iritsi zen azpiegituretarako erabiltzen diren lehengai askotan (zementua, material zeramikoak, aluminioa, beira edo kobrea). Lurralde-maila guztietan, proiektu asko hutsik geratu dira lehiaketetan, lizitazioen prezioak eguneratzeko beharra zela eta.

Hala ere, azken hamabi hilabeteetan, obra publikoek goranzko joera izan dute, Administrazio Zentralaren kontratazioa buru, kontratuen balioa % 55 igo baitu, 2022ko urtarrileko 5.341 milioi euroetatik azken hiruhilekoko 8.298 miloi euroetara igarota. Hala ere, autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek beheranzko joerarekin jarraitzen dute. Nafarroan, 2022an murrizketak pairatu ziren, Errioxa, Murtzia edo Madrilen bezala, eta aurten norabidea aldatzen ari da.

Azaroaren 19a, Komun-ontziaren Nazioarteko Eguna 
Bestalde, NILSAk gogorarazi nahi du azaroaren 19an Komun-ontziaren Nazioarteko Eguna ospatu zela. Nazio Batuek saneamenduaren eta arazketaren garrantziaz kontzientziatzeko izendatu zuten egun hori, nazioarteko erakundeak giza eskubidetzat jotzen baititu. Gaur egun, 3.500 milioi pertsona bizi dira komunik gabe, eta horrek epe luzera gaixotasunak, izurriteak eta heriotzak eragiten ditu: bost urtetik beherako mila haur hiltzen dira egunero hori dela eta. Gainera, 2.200 milioi pertsonak oraindik ez dute ur osasungarririk, eta 2.000 inguruk ez dute eskuak garbitzeko oinarrizko instalaziorik.

Eta hori bereziki garrantzitsua da planeta mailan hondakin-uren % 80 ez delako behar bezala tratatzen. Nafarroan, tratamenduak populazioaren % 99 hartzen du barne. Europako eskualde aurreratuenetako bat da, eta aitzindaria Espainian. Plangintzak zentsu txikiko populazio-guneak ere hartzen ditu, hala nola Leratekoa, eta kalitate-berme berak eskaintzen dizkie herri guztiei, tratamenduari dagokionez. Horrez gain, landa-eremuetako biztanleek hiri handietakoek dituzten azpiegitura berberak izaten laguntzen du.