Iruñerriko Mankomunitateak, Jurramendiko Mankomunitateak eta NILSAk digitalizazio-proiektu bat aurkeztu dute Espainiako Gobernuaren uraren PERTErako - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2023

2023ko martxoak 6

Iruñerriko Mankomunitateak, Jurramendiko Mankomunitateak eta NILSAk digitalizazio-proiektu bat aurkeztu dute Espainiako Gobernuaren uraren PERTErako

Iruñerriko Mankomunitateak, Jurramendiko Mankomunitateak eta NILSA sozietate publikoak, zeina Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentuari atxikita baitago, Ur Digital Navarra / Nafarroako Ur Digitala (DNAa) proiektu bateratua aurkeztu zuten uraren PERTErako (ekonomia berreskuratzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoa) lehiatzeko, eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak onartu egin du. Next Generation europar funtsek % 80raino finantzatu dezakete proiektua. Ematen den gutxieneko laguntza hiru milioi eurokoa da, eta gehienekoa, hamar milioi eurokoa. Proiektua azkenean diruz laguntzen ez bada ere, norgehiagokako prozeduran sartu izanak ekimena ontzat ematen dela esan nahi du.

Bi mankomunitateak, enpresa publikoarekin batera, Nafarroako hiri-erabilerako uraren ziklo integralaren hiru kudeatzaile nagusiak dira: biztanleen % 64,7 dira edateko uraren horniduraren arloan, eta biztanleen % 100, hondakin-uren arazketaren eta saneamenduaren arloan.

Proiektuak hau du ardatz: uraren ziklo integrala egituratzen duten azpiegituretan erabiltzen diren kontrol-, jarraipen- eta operazio-sistemak digitalizatzea. Ura hartzen denetik araztu ondoren ibaira itzultzen den arte hartzen du barne zikloak. ADNa akronimoaren bidez, finantzazioa lortu nahi da digitalizazio-jarduketak garatzeko. Jarduketa horien zati bat Hiri-erabilerako Uraren Ziklo Integralaren 2019-2030 Plan Zuzentzailean jaso ziren jada. Nafarroako Parlamentuak 2019ko maiatzean onetsi zuen plana. Aurkeztutako ekimenen zenbatekoa 13,45 milioi da guztira, eta espedientea sei hilabete barru ebatziko da. Orduan jakingo da finantziazioa lortu duen ala ez, eta, hala bada, zenbatekoa zehazki, Next Generation europar funtsen kontura.

Next Generation funtsek koronabirusaren pandemiaren ondoren Europar Batasuneko ekonomia suspertzea dute xede: Espainiak duela bi urtetik jasotzen ditu, 141.000 milioi euro guztira herrialde osoarentzat. Dirulaguntzen eta zuzeneko laguntzen artean banatzen dira, ia zati berdinetan. Uraren PERTE Espainiako Gobernuak dagoeneko onartu dituen hamabietako bat da. Hona hemen besteak: ibilgailu elektrikoak, osasuna, energia berriztagarriak (hidrogeno berdea barne), nekazaritzako elikagaiak, hizkuntzaren ekonomia berria, ekonomia zirkularra, ekonomia sozial berria, ontzigintza, industria aeroespaziala, mikroelektronika eta deskarbonizazioa. Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko Uraren Zuzendaritza Nagusiak onartu egin du Nafarroako proiektua, eta gainerakoekin lehiatu beharko du. Esan bezala, tramitazio administratiboak seihileko bat iraungo du, eta aurtengo abuztutik irailera bitartean jakingo da erabakia.

Nafarroak aurkeztutako proiektuak ondoko jarduketa-ildo hauek jasotzen ditu, besteak beste: plangintza, eraginkortasuna eta digitalizazioa hobetzeko ekintzak, eta informazioaren kudeaketa digitalizatua, zibersegurtasuneko ekintzak barne hartzen dituena. Hala tokiko erakundeekin nola Eraldaketa Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioarekin adostutako jarduketak dira, eta Mediterraneoko eta Kantauriko arroetako plan hidrologikoen helburuekin bat egiten dute, gainera.

13.450.165,83 euro eskatu dira, eta Nafarroako ia lurralde osoan egin beharreko jarduketak biltzen ditu, bai horniduran, bai saneamenduan. Horrez gain, prozesu eta sistemetan teknologia erabiltzea sustatzen du, kudeaketan ez ezik uraren erabilera zehatzean ere eraginkortasuna handitzeko.

Beraz, erakunde publikoen asmoa da ADNa-k masa hidrikoen egoera hobetzen, ingurumen-helburuak betetzen eta baliabideen eraginkortasunean aurrera egiten laguntzea, bereziki ihesei eta horniduraren bermeari eta kalitateari dagokienez. Demografiaren arloan, aldiz, erronka hauei heldu nahi die: uraren zerbitzuaren bidez landa-eremuetako lurralde-kohesioa finkatzea eta enplegu kualifikatua sustatzea eta sortzea; azken horren bektoreetako bat genero-berdintasuna sustatzea izango da. Hornidura- eta saneamendu-sarea hobetzea funtsezkoa da, gainera, klima-aldaketaren eta hura arintzearen ondorio saihestezinetara egokitzeko, bai eta ondorio berrien edo horien intentsitatea handitzearen aurkako borrokan ere.
Izan ere, gogoan hartu behar dugu 2022. urtea urterik beroena eta lehorrenetako bat izan dela Espainian erregistroak egin zirenetik: urteko batez besteko tenperatura 15 gradu zentigradutik gora egon zen lehen aldiz, eta joera hori ohikoa bilakatu da, lau urte beroenak 2015etik aurrera izan baitira.

Bestalde, Estatuko Meteorologia Agentziaren datuen arabera, 2022a milurtekoko hirugarren urterik lehorrena eta serie historikoko seigarrena dela esan daiteke (seriea 1961ean hasi zen). Udazkenean, ohi baino % 26 gutxiago euri egin zuen, eta neguan, XXI. mendean lehen aldiz, erreserba hidrikoak ez ziren % 40ra iritsi. Egoera Europako gainerako lurraldeetara estrapolatu da, lehorteak lurraldearen % 64 eragin baitu. Egoera horrek agerian uzten du oso garrantzitsua dela ura zaintzea, baliabide gero eta urriagoa baita: iazko prezipitazio-kopurua 536 litro izan zen Espainian batez beste metro karratuko, ohiko balioa (641 litro metro karratuko) baino % 16 gutxiago.

ADNa proiektuko jarduketak, 13.450.165,83 € guztira

  • Saneamendu-sarearen karakterizazio topografikoa eta digitala: 1.304.041,25 €
  • Uraren zikloa eta kalitatearen kudeaketa hobetzeko azterlanak: 1.411.442,08 € (651.816,15 € gehituko lirateke modelizazio matematikoetarako).
  • Biki digitalak (datu esperimentalak eta eredu matematikoen eta simulagailuen iragarpenak konbinatzen dituzten diagnostiko-tresnak): 725.947,08 €
  • Ura hartzeko eraginkortasuna hobetzea: 500.143,41 €
  • Bilketa (791.620,78 €) eta hornidura (1.301.904,93 €) digitalizatzea
  • Horniduraren sektorizazioa eta kontrol dinamikoa: 2.053.977,28 €
  • Teleirakurketak egiteko proiektu pilotuak landa-eremuetako horniduran: 200.082,34 €
  • Saneamendua: digitalizazioa (489.041,34 €) eta sistemaren kontrola (621.897,44 €)
  • Isurketa-sistemak: digitalizazioa (1.051.842,08 €) eta kontrola (316.072,48 €)
  • Plataforma eta tresna digitalak (1.411.972,30 €) eta informazio-ataria (95.353,53 €)
  • Zibersegurtasuna (423.011,37 €)