Andrea López Martín, Espainiako Ur eta Saneamendu Hornikuntzen Elkarteko (AEAS) I+G+B taldeko idazkari tekniko berria - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2023

2023ko ABUZTUAREN 16
 

Andrea López Martín, Espainiako Ur eta Saneamendu Hornikuntzen Elkarteko (AEAS) I+G+B taldeko idazkari tekniko berria

Andrea López

Andrea López Martín (Irun, 1985), Zaragozako Unibertsitateko ingeniaritza kimikoko doktorea eta NILSA sozietate publikoko ikerketa- eta garapen-taldeko kidea, idazkari tekniko izendatu dute Espainiako Ur eta Saneamendu Hornikuntzen Elkarteko (AEAS) erakunde nazionaleko talde homologoan.Espainiako hiri-uraren sektoreko erreferentziazko elkartea da. Sektore publikoko nahiz pribatuko 300 enpresa ditu, eta guztira 35 milioi pertsonari baino gehiagori ematen die zerbitzua, 1.700 udalerritan.

Sortu zenetik, 1973an, uraren ziklo integralaren alderdi guztiak –teknikoak, legezkoak, zientifikoak, administratiboak...– sustatzeko irabazi-asmorik gabeko erakunde gisa eratu da. NILSA duela hamar urte baino gehiagotik dago elkartuta, baina 2020an hasi zen lanean I+G+Bn, beste talde tekniko batzuetako eta komunikazio-taldeko kide bazen ere jada.

Soledad Canal ordeztuko du Lópezek, erretiratu egin baita. I+G+B taldearen lanak koordinatuko ditu, zeinak bi azpitalde ditu: batetik, eraldaketa digitaleko taldea, eta, bestetik, informazioa modelizatzeko taldea (BIM, ingelesezko siglak: building information modelling); azken talde horretan, NILSAko Irati Aldaz Lusarreta ingeniariak ere parte hartzen du.

I+G+B taldeak 30 kide baino gehiago biltzen ditu, besteak beste, hauek: Uraren Euskal Agentzia, Agència Catalana de l'Aigua, Augas de Galicia, Canal de Isabel II.a (Madrilgo Erkidegoa), Consorcio para el Abastecimiento y Saneamiento de Asturias, Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoa, Consorcio d’aigües de Tarragona eta Depuración de Aguas del Mediterráneo (titulartasun publikokoak guztiak), baita NILSA bera ere. Titulartasun pribatuko enpresei dagokienez, FCC Aqualia, Indra, Facsa, Socamex eta Cadagua ditu bazkide. Pertsona batek baino gehiagok parte har dezake entitate bakoitzeko; beraz, taldeak 115 aditu ditu guztira, eta idazkaritza teknikoaren kohesio- eta koordinazio-lana funtsezkoa da haientzat.

Alde horretatik, López guztien arteko informazio-trukea koordinatzeaz arduratzen da, egiten ari diren lanen ildotik, baita ekitaldiak antolatzeaz eta bilerak (hiru hilean behin egiten dira gutxienez) kudeatzeaz ere.

Era berean, Nafarroako Gobernuko sozietate publikoan lan egiten jarraitzen du. Besteak beste, RETOS MAGNYFOS proiektuaren koordinatzailea da. Araztegietako fosforoa berreskuratzea da proiektuaren azken helburua, eta beste hiru bazkidek parte hartzen dute hartan (Gipuzkoako CEIT, Nafarroako MAGNA eta Bartzelonako Unibertsitatea). Proiektu horren aurrerapenak AEAS elkarteko I+G+B taldean partekatzen diren gaietako bat dira, bazkideen artean ezagutza partekatzeko eta sinergiak sustatzeko.

Lópezek azpimarratu duenez, “oso baliotsua da uraren sektoreko eragileen arteko topaleku bat izatea, arlo kooperatiboetan, batez ere, hala nola ikerkuntzan, non ezinbestekoa iruditzen baitzaizkit ikaskuntza eta etengabeko hobekuntza. Niretzat erronka bat da nire esku dagoen hori ekartzea; izan ere, ezinbesteko baliabide batean, uretan, alegia, ikertzen, garatzen eta berritzen ari gara, eta, hartara, bideak eta helburuak partekatu behar ditugu”.

López 2019an hasi zen NILSAn, I+G+B arloko ikertzaile gisa. Haren arduraduna Jairo Gómez Muñoz da, eta Itsaso Ilzarbe Senosiain ere talde teknikoko kide da. Tuteran lan egiten dute hiruek, Nafarroako bigarren araztegi handiena dagoen tokian, eta han ere laborategi bat dago. Araztegi horretan, hain zuzen, egiten dira ikerketa- eta garapen-proiektuen proba pilotu gehienak.