ActivaNILSAk, NUPek eta LIFE NADAPT europar proiektuak hiri-drainatzeari buruzko jardunaldi praktiko bat antolatu dute - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2023

2023ko urriak 26

NILSAk, NUPek eta LIFE NADAPT europar proiektuak hiri-drainatzeari buruzko jardunaldi praktiko bat antolatu dute

Euri-ura erortzen den tokian infiltratzea estolderiatik araztegietara bideratu beharrik gabe, horixe da drainatze iraunkorra. Horrela, batzuetan sareetan gertatzen diren kolapsoak saihesten dira, eta, gainera, kostuak aurrezten dira instalazioetan, ez bailukete garbitu beharko etxe- edo industria-jatorria ez duen urik.

Sistema hori asko erabiltzen da plubiometria handiko hirietan, hala nola Portlanden (AEB) eta Edinburgon (Eskozia), eta esperientzia aitzindaria du Tuterako NUPeko campusean, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentura  atxikitako NILSA enpresa publikoaren eskutik (1989az geroztik, Nafarroako saneamendua kudeatzen du enpresak).

Ekimen horrekin beste toki-proiektu eta -entitate batzuek bat egin dute azken hiru urteotan (Iruñerriko Mankomunitatea, Atarrabiako Udala, Arangurengo Udala edo Iruñeko Udala). Horien lorpenak NUPeko El Sario eraikinean (egoitza nagusia) antolatutako jardunaldian ikusi ahal izango dira. Esperientzia teorikoak eta adituen hitzaldiak partekatu ondoren, arratsaldean, Iruñerriko drainatze iraunkorraren adibide praktikoak bisitatuko dituzte.

“Zailtasun teknikoa ez da konplexua”, zehaztu du sozietate publikoko zuzendari-kudeatzaile Fernando Mendozak, “eta konplikazioak gobernantzari lotutako alderdietatik datoz, eraikuntza-eskakizunetatik baino gehiago, gutxi baitira. Nafarroan dagoen arazoa da berrehun toki-entitate baino gehiagok parte hartzen dutela hiri-erabilerako uraren ziklo integralaren kudeaketan, eta arau komunak ezartzea konplexua da. Horregatik, uste dugu jardunaldia baliagarria izan daitekeela Nafarroa osoko hirigintza, udal-arkitektura, ingurumen eta iraunkortasuneko arduradunak biltzeko eta jarraibide batzuk edo, gutxienez, adibide gisa balio dezakeen kasu praktiko bat eskaintzeko. Eztabaida-foro bat ere izatea nahiko genuke”, azaldu du.

Esperientzia hori Nafarroa osoko beste instalazio batzuetara estrapola dadin eta eraikuntza-elementu iraunkor gisa ohiko egin dadin, NILSAk eta NUPek berriro jarri dute abian ekimen hori. Aurreko urteetan beste bi ekimen egin ziren. Gainera, klima-aldaketara egokitzeko Europako LIFE NADAPT proiektuaren babesa du (LIFE 16 KPI/ES/000001 - LIFE -IP NAdapta-CC), Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak koordinatua. Proiektu horrek Tuterako campuseko drainatze-proiektua finantzatu zuen (% 60). Horrez gain, gida bat argitaratu zen.

Hiri-drainatze iraunkorrari buruzko gida
NILSAk drainatze iraunkorrari buruzko gida bat argitaratu zuen otsailean. Edonork eskura dezake bere webgunean.Argitalpenaren helburua da praktika onak sustatzea eta kontzientziatzea ura baliabide gisa kudeatzeko beharraz eta ez hondakin gisa, uholdeetan gertatzen den bezala. Halaber, azpimarratu nahi da soluzioak aplikatzeko modurik onena arazoaren sorburuan egitea dela: hau da, euria erortzen den tokian.

Argitalpenak tokiko adibide zein nazioartekoak biltzen ditu, bederatzi kapitulukoa da eta honako gai hauek jorratzen ditu, besteak beste: erregulazio-esparrua, Nafarroan sistema horiek diseinatzeko parametroak eta kasu ohikoenen deskripzioa, hala nola estalki eta areka landaredunak, urpean gera daitezkeen parterreak, uraskak, zuhaitz-txorkoak, hezeguneak eta urmael artifizialak.

Eta honako gomendio eta irizpide hauek eskaintzen ditu: diseinurako ezaugarri baldintzatzaileak, soluzio tekniko bat edo bestea aukeratzeko irizpideak, dimentsionatzeko eskakizunak edo nola hautatu landatu beharreko landaredia egokiena. Landarediak, hirietako zuhaitzek bezala, haiek udan bero-uharte bihurtzea ere eragozten du, eta, beraz, funtsezkoa da herri guztietako zuhaitzak mantendu eta zaintzea.
Argitalpena batez ere adituentzat bideratuta badago ere, erraz irakur eta kontsulta dezakete hirigintzaren eta uraren kudeaketa egokian interesa duten guztiek.