Uraren Ziklo Integralaren Planak 60 milioi euro inbertitu ditu bi urtean ehun bat udalerritan - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2022

2022ko urtarrilak 12

Uraren Ziklo Integralaren Planak 60 milioi euro inbertitu ditu bi urtean ehun bat udalerritan

Nafarroako Gobernuak, Parlamentuko Batzordean, 2019-2030eko Hiri Erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailearen berri eman du. Plan hori aurreko legegintzaldian egin zen, lau urteko lanaren ondoren; Nafarroako Parlamentuak onetsi zuen 2019ko maiatzean, eta, ondoren, NILSA sozietate publikoari agindu zion erakunde instrumental gisa –Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentura atxikitako enpresa– gara zitzan.

Plana egiten ari ziren bitartean, garrantzi handia izan zuten tokiko erakundeek; izan ere, haiekin batera eta elkarlanean aritu zen lanean, berriki egin duten hedapenean gertatzen ari den bezala. Bestalde, Nafarroako Gobernuaren Tokiko Azpiegituren Planak (PIL) dira planean aurreikusitako jardueretarako finantzabideak; 2017-2021 aldian, 26,5 milioi eurotik gorakoak izan ziren.

Inbertsioak
Egindako jarduketei dagokienez, aipatzekoak dira altako hornidurakoak (ur-hartzetik hasi eta ura edangarri bihurtzeraino); izan ere, 2019tik, 13 milioi euro baino gehiago jo zuten, eta Bidasoa eta Irati ibaien arroan, Ultzaman, Iruñerrian edo Lizarran egin ziren. Altako saneamenduari dagokion zatiaren inbertsioek (estolderiatik araztegietaraino) 20 milioi euro jo zuten, eta Nafarroako eskualde guztietan egin ziren jarduketak. 2019 eta 2020 artean, 60,8 milioi euroko inbertsioa egin da guztira, sei jarduera-ildotan banatuta.

Beste ildo batzuk, hala nola sentsibilizazio- eta dibulgazio-kanpainek, bi milioi euro baino gehiago jo dute; ziklo integralaren indartzeak, berriz, ia 680.000 euroko inbertsioa jo du, eta saneamenduko ekintza orokorrek, aldiz, 448.000 eurotik gora [ikusi taula].

Altako saneamenduan aurreikusitako inbertsioak garatzen joan diren bitartean, litekeena da jatorrizko agirian bajako hornidura eta saneamendurako inbertsioetarako jasotako epeak luzatu egin behar izatea, atzerapenik ez izateko; izan ere, azpiegiturak hobetzeko jarduketen exekuzio-maila, bai hornidurakoena bai saneamendukoena, % 25 inguru da, 2024rako ezarritako helburuak kontuan hartuta.

Klima-aldaketa
Plan hori da klima-aldaketaren aurkako tresnarik handiena, uraren arloari dagokionez, Foru Komunitatean. Bi seiurtekotan egituratuta dago (2019tik 2024ra eta 2025etik 2030era), eta guztira 464 milioi euro ditu. Nafarroan uraren ziklo integralaren kudeaketa bateratua egiten den lehen aldia da: kontsumitu aurretik hartzen den unetik araztu ondoren ibaira itzultzen den arte. Halaber, gogoratu behar da planak 10 ekintza-lerro hartzen dituela, besteak beste azpiegiturak eta etorkizuneko gobernantza (tarifikazioa barne).

Joan den urteko ekainean, lau lantalde sortu ziren, planaren ezarpena eta ildo nagusien exekuzioa gainbegiratzeko. Hauek dira taldeak: ekonomia eta fiskalitatea; proiektu estrategikoak; hiri-drainatzeko sistemak; eta klima-aldaketa eta sortzen ari diren kutsatzaileak dira. Guztiak Jarraipen Batzorde batek gainbegiratzen ditu. Batzorde horren eginkizunak dira informazio guztia jasotzea, plana betetzen ari den aztertzea, urteko memoria onartzea eta jatorrizko planerako aldaketa edo egokitzapen teknikoak proposatzea. Gainera, Koordinazio Batzorde bat dago, joan den otsailean sortua, hornidura-eskumenak dituzten 10.000 biztanletik gorako tokiko entitateak biltzen dituena. Nafarroako saneamendua NILSAren esku guztiz dagoen arren, saneamenduari buruzko lehen lege nafarretik, hots 1981etik, hornidura tokiko entitateen esku dago oraindik, eta, beraz, ezinbestekoa da lankidetza iraunkorra.

Ondorioak
Iazko lan-konklusioek datu positiboak eman zituzten erregistratu gabeko urari dagokionez, hau da, ihesak edo ur-biltze ezezagunak direla-eta galdutako urari dagokionez, % 0,8 jaitsi baita, batez beste, 2011-2015 alditik 2016/2020 aldira; dena den, alde handiak daude lurraldeen arabera. Edateko uretan hainbat parametro (uherregia egotea edo metal edo nitrato gehiegi izatea, adibidez) ez betetzeak ere behera egin du, % 9,13tik % 7,48ra, aldi beretan.

Hala ere, hainbat arazo ere agerian geratu dira, hala nola hornidura-zerbitzuaren kostu erreala, oso desberdina baita lurraldeen arabera; horregatik, beharrezkoa da zerbitzu hori bateratzeko lan egitea. Horretarako, zerbitzuaren kostua kalkulatzeko gida bat egitea proposatu da, tokiko erakundeei lan hori errazteko, baita tarifa-sistema solidario eta orekatua, ura baliabide gisa erabili eta kudeatzearen aurrezpena eta eraginkortasuna sustatuko dituena, aztertzea ere.

Inbertsioak