NUPek eta NILSAk unibertsitate baten eta enpresa publiko baten arteko lehen katedra sortu dute Nafarroan - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2021

2021eko azaroak 25

NUPek eta NILSAk unibertsitate baten eta enpresa publiko baten arteko lehen katedra sortu dute Nafarroan

NILSAk 30.000 euro jarriko ditu urtero proiekturako, baina jarraipen-batzordeak ez du ordainsaririk jasoko

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, Ramón Gonzalok, eta Lurralde Kohesioko kontseilariak eta NILSAko Administrazio Kontseiluko lehendakariak, Bernardo Cirizak, Nafarroan unibertsitate baten eta enpresa publiko baten arteko lehen ikerketa-katedra eratu duen hitzarmena sinatu dute, gaur goizean. Tokiko Iraunkortasunari buruzko NILSA Katedra du izena, eta bi erakundeen arteko jakintza-trukaketarako foroa izango da; bestetik, NILSAk ikerketa zientifikoen aplikazio praktikoan egindako lana sendotuko du.

NILSA, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentura atxikitako enpresa publikoa, saneamenduaren eta arazketaren arduraduna da, baita Nafarroako Hondakinen Partzuergoko kudeatzailea ere. I+G+B sustatzeko bere apustu estrategikoari esker, katedra hori lortu da, hainbat proiektutan unibertsitate publikoarekin lankidetzan aritu ondoren.

NUPeko Tuterako campusean egin berri den drainatze iraunkorreko lan bateratuak behin betiko konbergentzia ekarri du. Lerro horrez gain, NILSAk baditu irekita beste batzuk ere, hala nola hondakin-uretan eta lohietan dauden mantenugaiak berreskuratzea (nitrogenoa eta fosforoa) eta hondakin-uretik antibiotikoak eta kaltegarriak diren beste substantzia batzuk ezabatzea. 

Akordioa sinatu, gaur, eta hurrengo hogeita hamar egunetan, batzorde mistoa eratuko da, alde bakoitzeko gutxienez bik eta gehienez bost ordezkarik osatua. Bi urtean behin, gutxienez, bilduko da batzordea, eta, lehenengo bileran, batzordeburua eta idazkaria aukeratuko dira. Hitzarmenak bi urteko indarraldia du, eta, hortik aurrera, urtero luzatuko da isilbidez, gehienez ere lau urtez.

Ikasleek eta irakasleek hartuko dute parte garatuko diren lanetan, NILSAko langileekin zuzenean. Bestalde, batzordean izendatutako karguek ez dute inolako ordainsaririk jasoko han aritzeagatik, nahiz eta NILSAk 30.000 euro jarriko dizkion NUPi babesletza edo mezenasgo gisa urtean. NUPek kopuru horren % 13 atxikiko du bere gain hartutako zeharkako kostuengatik; gainerakoa, aldiz, katedraren arduradunak kudeatuko du proiektuak ordaintzeko. Zuzendaria urtez urte izendatu eta berrituko da, batzorde horrek proposatuta, izan ere, harekin modu estuan eta iraunkorrean lan egingo baitu.

Lehenengo urte eraginkorra 2022 izango da, eta materia organikoaren tratamendua aztertuko da; lerro hori LIFE NADAPT proiektuaren barruan dago irekita gaur egun, Andrea López NILSAko ikertzailea buru ari dela. Nafarroak, Europako Batasunaren eskutik, abian jarri zuen klima-aldaketaren inpaktuak arintzeko eta haietara egokitzeko lehen proiektua da LIFE NADAPT; 15,6 milioi euro baino gehiago ditu. Haren barruan, 3,3 milioi euroko aurrekontua du NILSAk, uraren arloan hainbat ekintza egiteko.

Gainera, Tokiko Iraunkortasunari buruzko Katedraren esparruan, gaikako dibulgazio-jardunaldiak ere antolatuko dira eta, gainera, NILSAren instalazioetan (Tuterako araztegian eta laborategian) egin ohi diren unibertsitate-praktikak ugarituko dira. Horrez gain, lankidetza akademikoak idatziko dira eta enpresa publikoarentzat beharrezkotzat jotako ikerketa-eremuei buruzko doktorego-tesiak finantzatuko dira. Azkenik, dibulgazio-buletin bat idaztea eta NUPeko azken ikasturteetako ikasleentzako gradu- edo master-amaierako sari bat eratzea aurreikusten da.

Hala, katedra ez da soilik ikerketarako tresna akademiko gisa eratzen, baizik eta NILSAk bere eginkizunak betetzen dituen esparrurako soluzio praktikoak aplikatzeko sistema gisa ere eratzen da. Gainera, ikertzaileak lan-munduan sartzen lagunduko du, NILSAren erantzukizun sozialaren konpromisoa eta tokiko jasangarritasunaren aldeko apustua indartuta. 

Katedra abian jartzeak, beraz, urrats aitzindaria dakar Nafarroako Gobernuko enpresa publikoen esparruan unibertsitate-mailako ezagutza eta gazteen talentuaren aprobetxamendu praktikoan, eta, aldi berean, lizentziatu berriak lan-merkatura hurbiltzeko zubi gisa jarduten dugu Administraziotik.