NILSAk Gure Sustraiak zentro inklusiboko parte-hartzaileekin ospatu du Klima Aldaketaren aurkako Eguna - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2021

2021eko urriaren 22a

NILSAk Gure Sustraiak zentro inklusiboko parte-hartzaileekin ospatu du Klima Aldaketaren aurkako Eguna

Olloko Gure Sustraiak inklusio-zentrora joan ohi diren ia berrogei lagunek hartu dute parte, gaur goizean, NILSAren hezkuntza-programan, klima-aldaketaren aurkako nazioarteko eguna ospatzeko, zeina datorren igandean izango baita. Parte-hartzaileak, 20 eta 34 urte bitartekoak, Irazu errekara hurbildu dira, ibaiekin lotutako jarduera zientifiko bat egiteko, begirale-taldearekin; zentzumen bidezkoa da jarduera, eta hiru hizkuntzatan egin daiteke: gaztelaniaz, ingelesez eta euskaraz.

Ekitaldiak bi hauek nabarmendu nahi ditu: ondasun urri hori eraginkortasunez kudeatzeko beharra, bata, eta, bestea, herritar bakoitzak eguneroko ohituretan eta ingurunea zaintzean jardunbide egokiak hartzearen komenigarritasuna, hor sartzen baitira ibai-sistemak eta horietan bizi diren izaki bizidunak. Hala, NILSAk interes sozial bereziko talde horrekin ospatu du nazioarteko efemeridea, Nazio Batuek urriaren 24an finkatua xede honekin: soluzio lokalak behar dituen arazo global bat nabarmentzea. Nazio Batuak erakundeak dioenez, nazioarteko egun hauek balio dute “publiko orokorraren esku intereseko gaiei buruzko informazioa jartzeko, borondate politikoa eta baliabideak mobilizatzeko munduko arazoei aurre egiteari begira, eta gizateriaren lorpenak ospatu eta sendotzeko”.

Munduko Meteorologia Erakundearen arabera, uraren kudeaketa zatikatua eta desegokia mende honetako arazo handienetako bat da, eta hala dago jasota Garapen Iraunkorreko 2030 Agendan ere. NBEk ohartarazi duenez, Lurraren azalean eta zorupean dagoen ur guztiaren % 0,5 baino ez da kontsumitzeko ur geza ona, eta zentimetro bat murriztu da urtez urte azken hogei urteetan; egoera okerrera egiten ari da, gainera, eta horixe gogorarazi dute gaur goizean.

NILSAK egiten dituenen artean, arrakasta gehien dutenetako bat da, araztegietara egiten diren bisitekin batera. 2020-2021 ikasturtean, 85 erakundetako 7.539 pertsonak hartu zuten parte; horietatik, % 22k programako jarduera bat baino gehiago egin zuen, eta, beraz, 9.790 lagunek hartu zuten parte guztira. Nafarroa osoko 63 herrik eskatu zuten jardueraren bat, eta parte-hartzaileak adin guztietakoak dira: haur-hezkuntzatik eta 65 urte arte (urte horietatik gorakoentzako eskaintzak etenda jarraitu zuen, dena den, murrizketa pandemikoen ondorioz). Beraz, hezkuntza-programaren % 87 eskola-jendeak hartu zuen, eta gainerako % 13, helduek. Hala ere, 2022ko urtarrilean, jubilatuekin, zaharren egoitzetan eta 65 urtetik gorako edozein interesdunekin jarduerak berriz martxan jartzeko asmoa dago.

Bestalde, Gure Sustraiak kooperatiba bat da, baserri-eskola bat, hamabi langilek osatua, bazkideak horiek guztiak, eta 82 bazkide kolaboratzailek laguntzen dute. Proiektuak hainbat instalazio eta zerbitzu ditu. Horien artean, zentro okupazionala eta aterpetxea nabarmentzen dira; hainbat jarduera garatzen dira azken horretan, hala nola lankidetzako turismoa eta animalien bidezko terapiak. Partaidetzako proiektu inklusibo gisa definitzen da, gizarte-berrikuntzakoa, hezkuntza-monografiko propioak ere eskaintzen dituena hainbat gairi buruz, hala nola barazkiei (Munduko baratzeak), basoei (Basoaren aberastasuna), baliabide naturalei (Kontsumo arduratsua) eta granjari berari (Koloretako landetxea) buruz.Oraingo honetan, NILSAk herritar guztiei doan eskaintzen dien uraren arloko programa berariazkoena aukeratzea erabaki dute. Hala, klima-aldaketaren aurkako ekintzan parte hartu nahi izan dute, funtsezko baliabide bat zaindu eta babestuz, eta, aldi berean, ekarpen berezia egin dute, eta agerian utzi dute talde gisa duen inplikazioa planetak aurrean dituen mehatxu handienetako baten aurkako borrokan.