NILSAk eta NUPek drainatze iraunkorrari buruzko online jardunaldi bat antolatu dute udal-hirigintzan eta ingurumenean interesa duten pertsonentzat - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2021

2021eko maiatzak 25

NILSAk eta NUPek drainatze iraunkorrari buruzko online jardunaldi bat antolatu dute udal-hirigintzan eta ingurumenean interesa duten pertsonentzat

Euri-ura erortzen den tokian infiltratzea estolderiatik araztegietara bideratu beharrik gabe, horixe da drainatze iraunkorra. Horrela, batzuetan sareetan gertatzen diren kolapsoak saihesten dira, eta, gainera, kostuak aurrezten dira instalazioetan, ez bailukete garbitu beharko etxe- edo industria-jatorria ez duen urik.   
 
Sistema hori asko erabiltzen da plubiometria handiko hirietan, hala nola Portlanden (AEB) eta Edinburgon (Eskozia), eta esperientzia aitzindaria du Tuterako NUPeko campusean, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentura atxikitako NILSA enpresa publikoaren eskutik (1989az geroztik, Nafarroako saneamendua kudeatzen du enpresak). Proiektua azaroan aurkeztu zen jendaurrean, eta unibertsitate-esparruko aparkalekuan dago, lorategi itxura hartuta. Hala ere, hori baino askoz gehiago da, euri-ura estolderia-sareetatik kanpo eramaten duen kanalizazio-sistema bat baitu; horren ondorioz, gainkarga hidraulikoak arintzen ditu, beste modu batean estolderiaren edukiera beteko lukeen emaria metatuta. 79.104 euroko kostua izan du (BEZa kanpo); horren % 40 NILSAk kudeatzen duen eta zergadun guztiek uraren ordainagiriaren bidez ordaintzen duten saneamendu-kanonaren bidez finantzatu da, eta gainerako % 60a, Europar Batasuneko LIFE NADAPTA programaren bidez.  
 
Esperientzia hori Nafarroa osoko beste instalazio batzuetara estrapolatze aldera, NILSAk eta NUPek online jardunaldi bat antolatu dute, abantailak eta eskakizunak ezagutarazteko. “Zailtasun teknikoa txikia da”, dio enpresa publikoko Proiektu eta Obretako zuzendari Gregorio Berrozpek, “eta konplikazioak gobernantzari lotutako alderdietatik datoz, eraikuntza-eskakizunetatik baino gehiago, gutxi baitira eskakizun horiek. Nafarroan dagoen arazoa da berrehun toki-entitate baino gehiagok parte hartzen dutela hiri-erabilerako uraren ziklo integralaren kudeaketan, eta arau komunak ezartzea konplexua da. Horregatik, uste dugu jardunaldia baliagarria izan daitekeela Nafarroa osoko hirigintza, udal-arkitektura, ingurumen eta iraunkortasuneko arduradunak biltzeko eta jarraibide batzuk edo, gutxienez, adibide gisa balio dezakeen kasu praktiko bat eskaintzeko. Eztabaida-foro bat ere izatea nahiko genuke”, azaldu du.  
 
Bi ordu iraungo du hitzaldiak, eta maiatzaren 27an, ostegunarekin, 10:30ean, hasiko da. Berrozpek berak hartuko du parte, baita NUPeko Ekonomia, Plangintza eta Estrategiako errektoreorde Martín Larrazak eta Javier López irakasleak ere. Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusi Jesús María Rodríguezek emango dio amaiera hitzaldiari, eta, ondoren, galderak egiteko aukera izango dute bertaratutakoek. 102 pertsonak eman dute izena dagoeneko: udal-arkitektoak, isurketako teknikariak, sektore pribatuko ingeniariak eta hainbat aditu, entitate honetakoak, besteak beste: Uraren Euskal Agentzia, Iruñeko, Baztango, Altsasuko, Barasoaingo eta Garinoaingo udalak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, Ebroko eta Kantauriko konfederazio hidrografikoak, Tragsa estatuko sozietate publikoa eta Jurramendiko, Iruñerriko eta Izarbeibarko mankomunitateak.   
 
Jardunaldia doakoa da, eta nabarmendu nahi du naturan oinarritutako irtenbidea dela, hau da, urak berez zoladurarik, eraikuntzarik eta kanalizaziorik ez balego –artifizialak horiek guztiak– egingo lukeen zikloa imitatzen duela, eta, beraz, ingurumen-jasangarritasuna ere aintzat hartzen duela. Diziplina horretako teknikariak ere parte hartzera deituta daude, Nafarroako edozein herritan erraz aplikatzeko moduko irtenbidea aurkituko baitute. NILSAk hirigintza-garapenaren beste elementu bat gisa ezarri nahi du, ez besterik, eta ekimenen bidez, hala nola honako honen bidez, ezagutarazi nahi du.   
 
Mota horretako eraikuntzak bereziki esanguratsuak dira klima-aldaketaren testuinguru honetan, eragina izango baita prezipitazio-motan eta -kantitatean; izan ere, muturrekoagoak, biziagoak, aurresanezinagoak eta kudeatzen zailagoak izango dira prezipitazioak. Espainiako Meteorologia Agentziaren (AEMET) eta Herri Lanen Azterlan eta Saiakuntza Zentroaren (CEDEX) –Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren mendekoa da– eredu matematikoen arabera, 2040 eta 2070 bitartean, erregimen hidrikoa % 13 murriztuko da gaur egungoarekin alderatuta. Horrez gain, prezipitazioen modua aldatuko da, eta, horregatik, erronka bat dago uraren kudeaketan; drainatze iraunkorrak irtenbidea eman nahi dio horri aplika daitekeen jarduera-eremuan.  
 
Garrantzi handiagoko beste gai batzuetarako, Nafarroako Gobernuak, 2019ko maiatzean, Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailea (2019-2030) onetsi zuen Parlamentuan. Plan horrek berrogeita hamar jarduketa baino gehiago biltzen ditu, eta, Foru Komunitateko urari dagokionez, klima-aldaketaren aurkako borrokan funtsezko tresna da.