NILSAk 1991 eta 1993 artean eraikitako Fiteroko araztegiaren birmoldaketa esleitu du, 2.003.400 euroko kostuarekin - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2021

2021eko otsailak 19

NILSAk 1991 eta 1993 artean eraikitako Fiteroko araztegiaren birmoldaketa esleitu du, 2.003.400 euroko kostuarekin

1991ko abenduan hasi ziren Fiteroko araztegia eraikitzen, eta 1993ko martxoan amaitu. Orain, erabat birmoldatuko da, bi milioi euroko aurrekontuarekin. NILSAk, Nafarroako arazteaz eta saneamenduaz arduratzen den enpresa publikoak, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentura atxikiak, garatu du proiektua. Proiektuak Fiteroko bainuetxeko emaria kanalizatzen duten azpiegituren inguruko jarduketa ere barne hartzen du. Gogoan izan behar da araztegia 2.400 biztanleren karga kutsagarria tratatzeko diseinatu zela orain 20 urte. Une honetan, bikoitza baino gehiago da karga. Gainera, 2005ean, bainuetxeko isurketak konektatu ziren eta jariatze-tanga espezifiko bat eraiki zen. 2007an amaitu ziren lan horiek.
 
Gaur egun, beharrezkoa da instalazioa handitzea eta kolektoreak berrantolatzea. Hortaz, kondukzio berri bat egingo da aurrena, Fiteroko bainuetxeko isurketa udal-estolderiara sar ez dadin. Gero, haien ponpaketa-putzua eguneratuko da eta, amaitzeko, araztegia berrituko da. Bainuetxetik heltzen den emaria, beraz, zuzeneko bulkatzeaz ponpatuko da eta bere kolektore propioan (2.703 metro luze) joango da. Helburua bizilagunentzako noizbehinkako usain desatseginak berriz ez sortzea da, emari hori udal-estolderian sartzen baitzen orain arte.
 
Proiektua, NILSAk kudeatu eta Nafarroako herritar guztiek uraren ordainagiriaren bidez ordaintzen duten saneamendu-kanonaren kontura finantzatuko dena, otsailaren 19an adjudikatu zen. Lanak maiatz eta ekainaren artean hasiko dira, eta hamabi hilabete iraungo dutela uste da.
 
Osagaiak eta hondakin-urak igaroko dituen etapak oraingoen berdinak izango dira, baina materialak sendoagoak eta dimentsioari dagokionez eguneratuagoak izango dira. Araztegiak aurretratamenduko fase bat, solidoen dekantazioko beste bat eta iragazki biologikoak ditu bai orain bai etorkizunean. Gainera, eta berrikuntza gisa, amaierako urmael bat egitea aurreikusi da, emariei eutsi ahal izateko momentu puntualetan, hala nola ekaitzetan eta ur-jario handiko uneetan. 1.928 metro kubikoko edukiera izango du.
 
Gainera, urrutiko kontrol-sistema bat izango du araztegiak, eta, horri esker, gerta litekeen edozein matxura edo alarmaren berri eman diezaieke berehala mantentze-lanetarako langileei, SMS edo internet bidez. Sistema horri esker, gerta litekeen edozein gorabehera 24 orduko epean, gehienez, artatuko da. Beste alde batetik, astean bitan mantentze-lanetako bikote batek bisita egingo du, osagai mekaniko guztiak, lorezaintza, ibairako isurketa-puntua eta, oro har, instalazioaren funtzionamendu egokia ikuskatzeko.