NILSAk 1.427.565 euro inbertituko ditu Lizarrako araztegiko lohi-lerroa berritzeko - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2021

2021eko otsailak 16

NILSAk 1.427.565 euro inbertituko ditu Lizarrako araztegiko lohi-lerroa berritzeko

Lizarrako araztegiak, Jurramendiko Mankomunitatearen esparruan dagoenak, lohi-lerroa berritu eta hobetuko du urtea amaitu baino lehen. Lizitazioa NILSA enpresa publikoak, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentura atxikita dagoenak, egin zuen atzo, eta 1.427.565,83 euro jo du. Bi hilabete barru hasiko dira lanak, eta zortzi hilabete iraungo dutela aurreikusi da.
 
Berritzeak bost jarduketa handi hartuko ditu barne, hauen guztien birmoldaketa, zehazki: lohiak loditzeko deposituak, deshidratatzeko eraikina, biltegiratzeko tangak, gainezkatutakoaren biltegia eta motorrak kontrolatzeko zentroa.
 
Lohiak loditzeko deposituak
 
Arazketa-prozesuaren ondoren geratzen den lohia deshidratatzen da lehenbizi, eta materia organiko konpaktuago bilakatzen, gero, haietan. Egungoak 1994an eraiki ziren, eta, beraz, beharrezkoa da konpondu eta hobetzea. Proiektuak zera hartzen du barne: egungo zubia eta metalezko pasabidea kentzea eta hormigoia konpontzea, gero erretxina isolatzaileaz estaltzeko. Halaber, estalkiak jarriko dira, ikuskapen-leihoekin, eta usainak kentzeko hoditeriak ere.
 
Deshidratatzeko eraikina
 
Eraikin honetan, lohia erabat lehortzeko prozesuko hurrengo fasea egiten da, zentrifugazio-aparatuen bidez. Lanak hasi aurretik, behin-behineko unitate bat erabiliko da. Eraikinetik kanpo jarriko da, lanak egiteko erabat erabilgarri egon dadin. Egungo ekipo guztiak desmuntatuko dira, hobietan aldaketak egingo dira, gero ponpak jarri ahal izateko, eta barneko alikatatua errematatuko da, gero zoladura industrial irristagaitz eta birmargotua jartzeko.
 
Biltegiratzeko tangak
 
Biltegiratzeko bi tanga berri egongo dira, eta haietara iritsiko da aurreko faseetan deshidratatutako lohia. 7,25 metroko diametroa izango du, eta 330 metro kubikoko bolumen erabilgarria biltegiratu ahalko da guztira (bakoitzak 165 metro kubiko).
 
Motorrak kontrolatzeko zentroa
 
Motorrak kontrolatzeko zentro berri bat instalatuko da, zentrifugazio-zonaldetik urrun, zentroa gas korrosiboetatik babesteko. Eraikinak planta laukizuzena izango du, 11,50 metro luze eta 6 metro zabal, eta, horren gainean, prefabrikatutako panelen gainean egindako estalki bat jarriko da. Goian, konpresio-geruza bat izango du, eta dagokion iragazgaizte-sistema ere. Barruan hiru hobi jarriko dira, kaxa elektriko banarekin. Kaxa guztiak hobi perimetral batek komunikatzen ditu, eta hori kanpoko zerbitzu-kanalarekin konektatuta dago.
 
Lanak hainbat fasetan egingo dira. Lehen fasean, motorrak kontrolatzeko zentroa egingo da; bigarrenean, biltegiratzeko tangak; hirugarrenean, lohia loditzeko deposituak eta behin-behineko zentrifugazio-sistema; laugarrenean, deshidratatzeko eraikina; eta azkenekoan, konexioak, abian jartzea, urbanizatzea, lorezaintza eta seinaleztapena.
 
Birmoldaketa herritar guztiek uraren ordainagiriaren bidez ordaindu eta NILSAk kudeatzen duen saneamendu-kanonarekin finantzatuko da. Araztegia, bere eskumen-eremuko gainerakoak bezala, Jurramendiko Mankomunitateak kudeatu eta operatuko du, NILSAk zenbait toki-erakunderekin dituen akordioei jarraikiz.
 
Azken urte honetan, hainbat arazketa-sistema amaitu dira Estellerrian, hala nola Cabredokoa, Iguzkitzakoa eta Torres del Ríokoa, Ega Garaiko (Ega ibaiaren inguruan) eta Aguilarko (Linares ibaiaren inguruan) haranetako arazketa hobetuta.