Etxeko produktuek hodietan eragiten dituzten buxaduren arazoa gogora ekarri du NILSAk WCren Mundu Egunean - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2021

2021eko azaroaren 19a

Etxeko produktuek hodietan eragiten dituzten buxaduren arazoa gogora ekarri du NILSAk WCren Mundu Egunean

Jardueraz betetako goiza izan dute Irurtzungo Atakondoa ikastetxe publikoan Lehen Hezkuntzak eta Curriculum Bereziko Unitateak, helburu honekin: hustubideetatik komuneko papera baino ez botatzeko beharraz kontzientziatzea. Nafarroan gertatzen jarraitzen duen arazo bat nabarmentzeko modua izan da, WCren Nazioarteko Egunaren kariaz (NBEk azaroaren 19rako ezarri zuen) eta 2030 Agendaren garapen jasangarrirako helburuen aitzakiaz (izan ere, seigarren puntuak saneamendua jorratzen du).     
 
NILSAren hezkuntza-programak egin du jarduera, euskaraz, eta nabarmendu du elementu bakar batek ere, komuneko paperak izan ezik, ez duela etxeko, eskolako edo beste edozein azpiegituratako hodietan amaitu behar. 2019an eta 2017an, herritarrak kontzientziatzeko kanpaina bat jarri zuen martxan NILSAk, “Jarri paperontzi bat zure komunean” lemapean paper-zapi bustiek dituzten eragin negatiboei buruz ohartarazteko —Iruñerriko Mankomunitatearekin batera egin zen kanpaina Nafarroako Erdialdean—. Gaur egun ere, saneamenduaz arduratzen den enpresak, NILSAk, higiene pertsonaleko produktuen edo antzekoen (pixa-oihalak, konpresak, kotoi-zotzak, kotoiak edo preserbatiboak, besteak beste) ondoriozko buxadurek sortutako mila gorabehera edo matxura zenbatzen ditu batez beste.     
 
Produktu horiek gainerakoen edukiontzira eraman behar dira, nahiz eta ontzi askok adierazi biodegradagarriak direla: izan ere, hustubideetan barrena eman ohi duten denbora baino askoz gehiago behar da biodegradagarriak izateko. Hori dela eta, etxebizitzetako hodietako eta udaletako estolderia-sareetako buxadura handienak eta garestienak eragiten dituzte; horrez gain, araztegietako sarrerak buxatzen dituzte.     
 
La ehun ikasleren aurrean, hainbat taldetan banatuta, begiraleek azaldu dute zer beste produktu diren oso kaltegarriak ingurumenerako eta instalazioetarako beretarako. Olioa, janari-hondarrak, lixibak, pinturak eta bernizak, sendagaiak, etxeko garbiketa-produktuak eta tabako-zigarrokinak... Hezitzaileek egin behar ez diren praktika desegokiak aipatu dituzte.     
 
Ur birtuala  
 
Ondoren, Curriculum Bereziko Unitateko haurrek ur birtualaren jokoan parte hartu dute; elikagaiak eta beste produktu batzuk ekoitzi eta merkaturatzeko behar den ur-kopurua neurtzen du jokoak. Kontzeptuak beste konplexuago batzuk lantzen laguntzen du, hala nola aztarna hidrikoa. “Ziur aski, inoiz ez dugu pentsatu zenbat ur behar den jaten dugun haragia sortzeko edo arropa garbi edukitzeko, ur asko dagoen eskualde batean bizi garela uste dugulako agian. Hala ere, teknologiaren, industriaren eta zerbitzuen hazkunde eta garapenaren ondorioz, gero eta baliabide natural gehiago behar dira eta gero eta gehiago eskatzen dira, ura barne. Ur birtuala kontzeptu interesgarri eta berri samarra da, bi arrazoi hauengatik: ur-faltaren ondoriozko arazoei aurre egiteko nazio- edo eskualde-mailako politiketan izan dezakeen aplikazioagatik, batetik, eta, bestetik, etengabe hazten ari den biztanleria elikatzeko beharragatik”, azaldu du Edurne Arkotxa begiraleak. 
 
Uren % 80, araztu gabe  
 
Nafarroan, hondakin-uren % 98k hirugarren mailako arazketa-tratamendua dute (horrek esan nahi du hondakin-urek hiru etapa desberdin izaten dituztela garbiketa-prozesuan), eta hori ere NILSAren hezkuntza-programan azaltzen da. Espainiako eta Europar Batasuneko ehunekorik altuenetako bat da hori, baina, gaur goizean, ikasleek ikuspegi zabalago bat jaso dute, mundu-mailako egoera zehatzago islatzen duena: planetako giza jardueren ondoriozko hondakin-uren % 80 inolako tratamendurik gabe isurtzen dira ibaira edo itsasora, eta horrek ondorio kutsagarri suntsitzaileak ditu, eragin globalekoak.     
 
Ingurumen-inpaktu kalkulaezin horretaz gain, Nazio Batuek ohartarazi nahi dute komun-ontzia osasun publikoko tresna dela, gaixotasunen transmisioa eragozten baitu. Espainian saneamendua duela hamarkada batzuk zabalduta egon arren, 4.200 milioi pertsona baino gehiago komun egokirik gabe bizi dira munduan, eta, horren ondorioz, mila haur hiltzen dira, batez beste, egunero beherako-eritasunen ondorioz; digestio-traktuko infekzioak sortzen dituzten bakterio, birus eta parasitoek eragiten dituzte gaixotasun horiek, aire zabalean libratzeak eragindakoak.     
 
Egun horren kariaz, eta gizartea kontzientziatzeko zereginarekin bat, duela urtebete, NILSAk adierazpen bat ere sinatu zuen, Espainiako Hornidura eta Saneamendu Elkarteak (AEAS) gidatua, Europar Batasunari dei hau egiteko: gizon-emakumeek saneamendurako eskubidea izatea aitortzea Europar Batasuneko legedian; izan ere, oraindik ere hamar milioi pertsonak –446 milioitatik– ez dute halakorik Europan.    
 
85 erakundetako 7.539 pertsona   
 
Azkenik, azpimarratu behar da sozietate publikoaren hezkuntza-programak 85 erakunde desberdinetako 7.539 pertsona hartu zituela 2020-2021 ikasturtean. Horietatik, % 22k programako jarduera bat baino gehiago egin zituen; hartara, 9.790 parte-hartze zenbatu ziren guztira. Nafarroa osoko 63 herrik eskatu zuten jardueraren bat, eta parte-hartzaileak adin guztietakoak izan dira: haur-hezkuntzatik 65 urtekoak arte (urte horietatik gorakoek ezin izan zuten parte hartu pandemiak ezarritako murrizketengatik). Beraz, hezkuntza-programaren % 87 eskola-jendeak hartu zuen, eta gainerako % 13, helduek. Hala ere, 2022ko urtarrilean, jubilatuekin, zaharren egoitzetan eta 65 urtetik gorako edozein interesdunekin jarduerak berriz martxan jartzeko asmoa dago.