Arbeitza eta Zubielkiko araztegiaren lanak, Allingo udalerrian, lizitatu ditu NILSAk - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2021

2021eko martxoak 31

Arbeitza eta Zubielkiko araztegiaren lanak, Allingo udalerrian, lizitatu ditu NILSAk

2016an, Jurramendiko Mankomunitateak (Arbeitzako eta Zubielkiko kontzejuak, Allingo udalerrian, eremu horri dagozkio) proiektu bat adostu zuen NILSArekin, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentura atxikitako enpresa publikoarekin, bientzat araztegi bat sortzeko. Proiektua 2018an aurkeztu zuten. Gero, aldaketa txikiak eta garapenak egin behar izan dira, amaierako onespena arte. Lanak joan den astean esleitu ziren, 790.471 euroan. Maiatzean hastea aurreikusten da, eta hamar hilabete iraungo dutela kalkulatzen da.
 
Arbeitzak 185 biztanle ditu. Egaren eskuineko ertzean dago eta, orain arte, bi isurketa-puntu zituen. Zubielki, bestetik, 104 biztanleko erroldarekin, ezkerrekoan dago, eta isurketa-puntu bakarra du. Bi isurketak ibai berean egiten dira, metro gutxiko distantzian, kontrako ertzetan egiten diren arren. Horregatik, soluziorik onena bientzako instalazio bat da.
 
Uholde-arriskua izan da kokapenaren baldintzatzaile nagusia. Izan ere, uholde-eremu baten barruan dago bi herriguneen arteko lautada osoa. Horregatik, eremu horretatik kanpoko kokapen bat bilatu behar izan da, errepide eta herriguneetatik urrun, gainera, eta Egaren eskuineko ertzean. 
 
Hustubide bakar batek eramango ditu hondakin-urak haraino; Arbeitzako ur zikinak jasoko ditu lehenik eta Zubielkikoak gero, eta emaria grabitate bidez eramango du. Horrela, ez da ponpaketarik eraiki beharko, instalazioaren ondorengo operazioa eta mantentzea sinplifikatuz.
 
Instalaziorako kalkulatu den batez besteko emaria 0,98 litro segundoko da (85 m³/eguna), eta 6,87 litro segundoko hartuko lituzke gehienez. Nekez gerta daiteke, baina gaindituz gero, funtzionatzeari utziko lioke, ahalmen-faltagatik. Ildo horretatik, emari handiko egunetan, euri-jasek edo ekaitzek eragindakoetan, adibidez, 2,36 litro segundoko emaria jasoko dela aurreikusi da; beraz, etorkizunean emari handiagoak jasotzeko tartea badu instalazioak, birmoldaketa edo inbertsio berriak egin beharrik gabe horretarako.
 
Araztegiak Nafarroako instalazioetan ohikoa den sistema izango du: dekantazioa (lodiak uretik bereizteko), iragazkia (gehien disolbatu den karga kutsagarria kentzeko) eta amaierako urmaelak, kontrolekoak, 224 metro kubikoko bolumenarekin. 
 
Eraikuntzaren ondoren, Jurramendiko Mankomunitateak kudeatuko du instalazioa. Izan ere, tokiko entitate hori Nafarroako bakarra da, Iruñerrikoarekin batera, instalazioak bere eskumen-eremuan ustiatzen dituena. Gainerako kasuetan, NILSA da arduraduna, proiektuaren erredakziotik amaierako kudeaketa arte. Gainera, herritarrei saneamendu-kanona ur-ordainagiriaren bidez kobratzen dien enpresa publikoa da.
 
Azken hilabeteetan, NILSAk hainbat mugarri burutu ditu Lizarrako arazketa ahalik eta onena izan dadin: Torres del Rioko araztegiaren inaugurazioa, Cabredoko instalazioaren amaiera, Aguilar Kodeskorako proiektua, Lizarrako lohi-lerroa hobetzeko lizitazioa eta Arbeitza eta Zubielkiren egungo adjudikazioa. Gainera, Lizarrako araztegira maiz egiten dira bisitak hezkuntza-programaren esparruan. Doakoa eta hirueleduna da (euskara, gaztelania eta ingelesa) eskatzen duten erakunde guztientzat (ikastetxeak, auzo-elkarteak, behar bereziren bat duten kolektiboak, partikularrak, kontzejuak...).
 
Gaur egun, NILSA lanean ari da oraindik putzu septikoak baino ez dituzten 11.000 herritarrek arazketa-proiektu osoagoak izan ditzaten, baina motelago egiten da aurrera ehun biztanle inguruko eremu hauetan. Izan ere, inbertsio handiak behar dira, planifikazioa urtean zenbait ekitalditan ezartzen da eta berezitasun konplexuak dituzte (orografikoak, ur zikinaren tratamendukoak, udal-estolderia, eta abar).