Uholdeak saihesteko jariatze-tanga baten eraikuntza adjudikatu dute, Valtierran - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2020

2020KO URTARRILAREN 2A

Uholdeak saihesteko jariatze-tanga baten eraikuntza adjudikatu dute, Valtierran

Lurralde Kohesiorako Departamentuak, NILSA enpresa publikoaren bitartez, Lacunza Hermanos S.L. enpresari adjudikatu dio euri-jasak izanez gero ur-soberakina erregulatzen duen jariatze-tanga hobetzeko obra. Jarduketaren inbertsioak 500.356,77 euro jo du, eta obra 2020ko bigarren seihilekoan hasi eta 2021eko udaberrian amaituko dela aurreikusita dago.

Jariatze-tanga gainezkabide bat da, hau da, kolektoreetatik datozen euri-urak erregulatu eta atxiki dituen ontzi bat; helburua da emariaren bat-bateko gorakada atzeratu, eta uholde-arriskua murriztea. Halaber, euri-uren hasierako arazketa bat egiten du, isurpen toxikoak izan balitezke ere.

Egungo azpiegiturak dituen erregulazio-putzuen edukiera ez da nahikoa euri asko egiten duenean ur guztiak biltzeko. Bi isurpen iristen dira putzuraino: bata, metro-erdiko diametroko PVCzko kolektore bat, Valtierrako mendebaldetik, herrigunetik isurtzen den gehiena daramana; bestea, tamaina bereko tutu bat, herriko hego-ekialdean isurtzen dena daramana. Horrez gain, eskuz garbitu behar da egitura, eta horrek eragozpenak sortzen ditu Valtierran batzuetan.

Proiektuaren arabera, hormigoi armatuzko tanga berri bat eraikiko da egungoa dagoen toki berean. Berriaren dimentsioak 32x27 metro izango dira, eta edukiera, 1.100 m3. Tanga erregulatzeko balbulak ez du energia elektrikorik beharko hustu eta garbitzeko.
Tanga garbitzea automatizatzeko hainbat aukera aztertu ondoren, baskulatzaile bidezko sistema bat aukeratu da.  Balantzina batzuk dira, gehienez 900 litro ur har ditzaketenak metroko, eta emari hori husten dute alde batera zein bestera, zabuka.   Ura hustu ondoren tangan barreiatutako arrastoak ur-fluxuak berak hearrestan eramango ditu; gero, kendu egingo dira.
 
Azpiegitura hobetzea

Valtierra-Arguedasko ur-hondakinen araztegia 1992an eraiki zen. Ponpaketa orokor baten eta urmaeleratze estentsiboko tratamendu-sistema baten bidez hartzen zituen bi herrietako isurpenak.

2004an, berritze integrala egin zen. Tratamendu biologikoko sistema bat jarri zen: iragazki bat, bi dekantazio-maila eta lohiak tratatzeko sistema aurreratu bat. Ponpaketa-ekipo gehigarri bat ere instalatu zen, ibai-ibilguranzko noizbehinkako gainezkatzeak murrizteko.

Halaber, erregulatu egin zen, balbula baten bidez, Valtierratik irteten zen ur-kopurua (30 litro segundoko, gehienez), kanalizazioak ez buxatzeko. Euri asko egiten duenean, erregulazio-putzu batzuetan biltzen da gehiegizko ura; haiek hobetzeko beharra ikusi da orain, eta jariatze-tanga berria jarriko da haien ordez.