NILSAk hezkuntza-programa birtual bat hasi du webgunearen bidez, txiki eta helduentzako hamar jarduera berri hartuko dituena - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2020

2020ko apirilaren 4a

NILSAk hezkuntza-programa birtual bat hasi du webgunearen bidez, txiki eta helduentzako hamar jarduera berri hartuko dituena

NILSA enpresa publikoak, hondakin-uren arazketa xede duenak eta Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentura atxikiak, onlineko jarduerak programatu ditu, webgunearen bidez jende guztiarentzat eskuragarri egongo direnak. www.nilsa.com
 
Koronabirusaren epidemia dela-eta martxoaren 13an hezkuntza-programaren aurrez aurreko jarduera osoa gelditu denez, NILSAk ingurumenaren aldeko eta ura behar bezala erabiltzearen aldeko kontzientziazio-neurriak eskaintzen jarraitzea erabaki du. Eta egun eskura dagoen bitarteko bakarra erabiliko du: internet.
 
Entitatearen webgunetik bederatzi hezkuntza-atal eta joko digital bat, eskuak garbitzeari buruzkoa, eskainiko dira apirilaren 6tik aurrera, astelehena. Familiako txikientzat izango da jokoa, eta Candy Crush bideojoko ospetsuaren antzeko dinamika baten bidez egingo da. Atal berriei dagokienez, arlo hauek landuko dira: zientzia arloko aplikazioen dibulgazioa (Murgil zaitez herritar zientzian); ur-ekosistemetako izaki bizidunei buruzko bilduma-fitxen dibulgazioa (Aurki itzazu ibaiaren fauna eta flora); uraren ziklo integralari buruzko albiste berdeen bilduma (Albiste deigarriak); hezkuntza-programan aurrez aurre landu ohi diren gaiei buruzko bideo laburrak, asterokoak (Etxetik); tailer eta jardueretan erabilitako aurkezpenak, jolasak eta lan-materialak (Jolastuko?); txikientzako zein adinekoentzako eskulan-proposamena (Eskulanak); ura etxean arduraz erabiltzeari buruzko bilduma (Ura zaintzeari buruzko tailerra); familia batek egungo konfinamendu-egoera honetan astero ingurumen-praktika egoki bati aurre egiteko erronka-joko bat (Asteko erronka); eta ur birtualaren kontzeptua kontuan hartzen duten sukaldaritza-errezeta osasungarrien fitxak (Ur-aztarna apaleko errezetak).
 
Horrela, baldintza hauetan posible den modu bakarrean jarraitu nahi du NILSAk hezkuntza-programarekin. Horrez gain, ohiko gaien espektroa zabaldu, eta proposamen berri hauek eskainiko ditu, besteak beste: sukaldaritza-errezetak, ikasiz etxean ongi pasatzeko eskulanak eta asteroko erronka etxetik. Espiritu didaktiko bat, batetik, eta ukitu ludikoago bat, bestetik, konfinamendua eramangarriagoa izan dadin jendearentzat; izan ere, ikasteaz gain, jolastu ahalko dute, eta eskaini, batez ere txikiei eta adinekoei, ohiko jarduerak ez diren beste batzuk.

Enpresa publiko honen hezkuntza-programa joan den abenduaren 10ean eman zen ezagutzera, Madrilen abenduaren 2tik 13ra egin zen klimaren goi-bileran –COP25–, non ia 200 herrialde bildu baitziren. Programa aurkeztera gonbidatu zuten NILSA, arrakastatsutzat jo baitzuten herritarrak berotze globalaren eta planetaren suntsiketaren aurka kontzientziatzeari dagokionez, batez ere uraren, baliabide urri eta ezinbesteko horren, erabilera jasangarriei dagokienez.

20 urteko ibilbidea du jadanik NILSAren kanpaina dibulgatibo eta pedagogikoak. 1999an hasi zen, eta, bi hamarkada hauetan, hazi egin da bai parte-hartzaileei, bai jarduerei, bai irismenari, bai hizkuntzei dagokienez. Doan izan da beti, eta horrela izaten jarraituko du, NILSAk saneamendu-kanona kudeatzen baitu. Izan ere, herritar guztiei kobratzen die kanona ur-ordainagiriaren bidez, eta, araztegiak eraiki eta haien funtzionamendua eraman ez ezik, ingurumen-kontzientziazioaren arloa ere lantzen du.
 
Hiru hizkuntzatan eskaintzen da (gaztelania, euskara eta ingelesa), nafar jende osoarentzat da eta marka guztiak hautsi ditu parte-hartzaileen kopuruari dagokionez azken urteetan, ondoz ondo: iaz, 9.155 pertsonak parte hartu zuten; 2018an, 7.177 pertsonak; eta aurreko urtean, 6.903k. Azken bosturtekoan zehar, NILSAk hauek zabaldu ditu: iraupena, ikasturtera mugatuta egotetik jarraia izatera pasa baitzen (hamabi hilabeteetan daude jarduerak orain); xede-hartzaileak, hirugarren adinekoentzako zentroetakoei, entzuteko, ikusteko, mugitzeko desgaitasuna edo desgaitasun kognitiboa dutenei, irakasle taldeei... ere eskaintzen baitzaie; eta jardueren kopurua eta irismena.
 
2020ko apirilean programa oso digital bat abiatzea urrats berri bat izan da. Koronabirusaren krisiak eragindako egoera bereziak azkartu du, baina teknologia berrietarako egin beharreko jauzi hori aldez aurretik planifikatuta zegoen erakundearen estrategian: hezkuntzak ahal bezainbeste kanal erabili behar ditu ahal bezainbeste pertsonarengan iristeko.