NILSAk eguzki-panelak jarri ditu Nafarroako araztegietan, gastu elektrikoa murrizteko - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2020

2020ko azaroaren 30a

NILSAk eguzki-panelak jarri ditu Nafarroako araztegietan, gastu elektrikoa murrizteko

Ebro Behea (Ablitas, Fustiñana, Cabanillas, Ribaforada eta Buñuel herriei ematen die zerbitzua) Tafalla-Erriberri eta Tuterako araztegiek eguzki-panel instalazio berriak dituzte jada; instalazioetako beraietako energia elektrikoaren autokontsumorako bideratzen da produkzioa. NILSAk, saneamenduaren arduraduna den enpresa publikoak eta Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentura atxikita dagoenak, sistema hori beste instalazio batzuetara hedatzeko asmoa du bigarren fase batean, 2021. urtearen hasiera arte.
 
Datorren lauhilekoan instalazio hauetan ezarriko da sistema berria: Ega Behea (Carcar, Andosilla eta San Adrian herriei ematen die zerbitzua), Arga Behea (Funes, Faltzes, Azkoien, Martzilla eta Caparroso hartzen ditu), Irati ibaiaren erdiko ibilguak (Agoitz eta Ekai Longida hartzen ditu, eta laster Aos gehituko da) eta Valtierra-Arguedas. Baliteke Tuteran hedapen bat egitea behin aldaketa teknikoak amaitzen direnean. Proiektuen lizitazioak irailean zehar egingo dira, eta 2021eko urtarrilean amaituko direla aurreikusi da. Halaber, Cintruénigo, Milagro eta Lodosa-Sartagudako araztegietarako proiektuen tramitazioak hasi berri dira; datorren urteko urtarriletik aurrera ekingo zaie lanei.
 
2019an Beire-Pitillasko araztegiko instalazio pilotuan lortutako emaitza onek proiektua zabaltzea bermatzen dute. NILSAko gerenteak, Fernando Mendozak, dioen bezala, “gure helburua ahalik eta araztegi kopuru handienean eguzki-panelak jartzea da, energia fotovoltaikoa sustatzeko, igortzen den karbono dioxidoa murrizteko eta energia elektrikoa aurrezteko. Ezin izango da instalazio guztietan egin, zenbaitetan klimatologiak ez duelako aholkatzen, baina helburua jokabide egoki hau ahalik eta gehiena hedatzea da, klima aldaketaren kontra eta jasangarritasunaren alde eginda”.
 
Bestetik, NILSAko Eragiketa eta Mantentze-laneko zuzendariak, Roberto Ferrándezek, Beire-Pitillasko kasu arrakastatsua azaldu du. “Instalazio hori eguzki-panelak izaten lehenengoa izan zen, 36 hain zuzen: 59 metro karratuko azalera hartzen dute eta instalazioa energiaz autohornitzeko balio dute. 9,9 kWp*-ko potentzia dute, eta, horri esker, 4.677 kilogramo karbono dioxido gutxiago igortzen dira urteko atmosferara. 14.300 euroko aurrekontua izan du. eta inbertsioa hamar urtean amortizatuko dela ezarri da, beste instalazioen kasuan bezala”.
 
Tuterakoak, aldiz, 100 kWp-ko potentzia du, plakek 600 metro karratuko azalera hartzen dute (306 panel-modulu, ia bina metro karratukoak) eta adjudikazioa 97.438 eurokoa izan zen (abenduan egin zen). Tafalla-Erriberriko eta Ebro Beheko araztegietarako, pleguak 126.000 euroko eta 65.835 euroko inbertsioak eta 100 kWp-ko eta 75 kWp-ko potentziak ezarri zituen ditu, hurrenez hurren. Ebro Behean inbertsioa eta potentzia txikiagoak dira panelek hartutako eremua txikiagoa delako; eraikinen eta aparkalekuaren teilatuetan baino ez dira jarri gainezkatu daitekeen zona bat delako. Gainerakoetan, panelak lurrean jarri dira, oro har.
 
Panel horiek instalazioak guztiz autohornitzeko beharrezko energia sortzen ez duten arren, bai helduko da araztegi bakoitzaren urteko kontsumoaren % 19 izatera. Gaur egun, Tuterak 15.000 euro kontsumitzen ditu elektrizitatean hilero (Nafarroako araztegiek funtzionatzeko eta haiei mantentze-lanak egiteko gasturik handiena suposatzen du); Tafalla-Erriberrikoak, aldiz, 10.000 euro inguru kontsumitzen ditu, eta Ebro Behekoak, 7.000 euro inguru.
 
 
Europako helburuak

Abantaila ekonomikoez gain, Ferrándezek estrategia europeista eta datorren hamarkadan erronkak betetzeko beharra nabarmendu ditu. “Europak Batzordeak energiaren inguruko helburu estrategiko batzuk ezarri ditu: 2030erako berotegi-gasak % 40 murriztu behar dira, 1990. urtearekin alderatuta; bestetik, energia berriztagarrien kuota % 32 eta energia-efizientziaren hobekuntza % 32,5 izatea lortu behar da. Helburu horiek Nafarroako Plan Energetikoa 2030ean islatu dira, eta, horren arabera, hau egin beharko du NILSAk hamar urtean: CO2 igorpenak % 26 murriztu; kontsumitutako energia guztiaren % 50k energia berriztagarrietan jatorria izan eta, efizientzia-jarduketei esker, energia primarioa % 19,54 murriztu.
 
Ferrández, Eragiketa eta Mantentze-laneko zuzendaria, izan da, bere taldearekin batera, proiektua abian jartzeko arduraduna. Izan ere, haiek egin zituzten auditoretza energetikoak hainbat instalaziotan Nafarroako Industria Elkartearekin (AIN), eta ikerlan bat, Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalarekin (CENER). “Lan horren ostean, konturatu ginen gure instalazioetan energia fotovoltaikorako parkeak jartzea zela energia berriztagarrien kuotaren helburua betetzeko soluzio teknikorik bideragarriena”, nabarmendu du Ferrándezek.
 
Gaur egun, NILSAk 669 instalazio kudeatzen ditu, eta horietako 93 araztegik energia elektrikoarekin funtzionatzen dute (beste 58k ez dute behar grabitate bidezko banaketa-sistemarekin funtzionatzen dutelako, eta 518 tratamendu primarioek ere ez dute behar).
 
 
FEDER funtsak
 
Proiektu horiek guztiak Europar Batasuneko FEDER (Eskualde Garapeneko Europako Funtsa) funtsak kofinantzatu ditu % 50ean. NILSAk 36 milioi euro baino gehiago jaso ditu Europako funtsetatik 31 urteko ibilbidean, eta FEDER funtsak izan dira garrantzitsuenak. Halaber, LIFE NADAPTA ** Europako programan 3.329.813 euroko aurrekontua du NILSAk: 1.997.888 euro Europar Batasunak eman ditu, eta 1.331.925 euro enpresa publikoaren autofinantzaketari esker lortu dira.
 
Gogoratu behar da NILSA klima-aldaketara egokitzeko Europar Batasunaren lehen proiektuko (LIFE NADAPTA) kide dela; 15,6 milioi eurorekin, 2018ko azaroan eman zitzaion Nafarroako Gobernuari. Alor horretan, ur-masak kudeatzeko jardunbide egokiak aztertzen ari da NILSA, baina bere prozesuen energia-efizientzia handitzeko neurriak ere ezartzen ari da, eguzki-panelak, adibidez.


-----
 
*Puntako kilowatta (kWp) = panel batek edo panel multzo batek sortzen duen gehienezko potentziaren neurria, 25 ºC-tan eta eguzkiak gehien jotzen duen orduetan (eguerdian).

**LIFE16 IPC/ES/000001 - LIFE-IP NAdapta-CC. Towards an integrated, coherent and inclusive implementation of Climate Change Adaptation policy in a region: Navarre. Hacia una aplicación integrada, coherente e inclusiva de la política de adaptación al cambio climático en una región: Navarra Eskualde batean, Nafarroan, aldaketa klimatikora egokitzeko politikaren ezarpen integratu, koherente eta inklusibo baterantz.