NILSAk 8,58 milioi euro jo duten arazketa-lanak sustatu ditu lehenengo seihilekoan - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2020

2020ko maiatzaren 29a

NILSAk 8,58 milioi euro jo duten arazketa-lanak sustatu ditu lehenengo seihilekoan

NILSAk, Nafarroako Gobernuko enpresa publikoak, Lurralde Kohesiorako Departamentura atxikitakoak eta hondakin-uren saneamenduaz arduratzen denak, 8,58 milioi euro jo duten obrak lizitatu ditu (edo lizitatuko ditu ekaina baino lehen). Horien artean daude Cabredokoaraztegi berria (264.500 € jo du eta obrak ekainean amaituko dira) eta Hiriberrikoa (195.963,45 € jo du eta lanak duela gutxi hasi eta urte amaieran bukatuko dira). Beste alde batetik, instalazio berrietarako proiektuei ere ekin zaie, hala nola Uxuen (923.749,99 €-ko aurrekontua du) eta Meotzen (181.973,49 €-ko aurrekontua du); bestetik Zigaurre Baztango araztegira konektatuko da (132.394,45 €-ko inbertsioa du).
  
Halaber, inbertsio-multzo horren baitan instalazio zahar eta amortizatuen berritze osoa ere jasotzen da, hala nola Olaztiko instalazioarena (2.058.728,64 €-ko inbertsioa birmoldaketa osoa egiteko) eta Fiterokoarena (1.861.100,20 €). Neurri horien barruan tratamendu eraginkorragoa edo ahalmen handiagokoa behar duten araztegiak hobetzea ere sartzen da. Horien artean daude Valtierrako jariatze-tanga (500.356,77 €), Lizarrako lohi-marra (942.454,86 €), Cintruénigokoa zabaltzea (415.487,54 €) edo Ega Beheko berritze elektrikoa (Andosilla, Cárcar eta San Adrián herriei zerbitzua ematen die eta 131.813,32 €-ko inbertsioa izango du).
  
Eguzki-plakak 

Beste alde batetik, NILSAk eguzki-energia sustatzen du eta panel fotovoltaikoak jarri ditu horretarako. Ekimenaren helburua ahalik eta araztegi kopuru handienean plakak jartzea da, energia garbia sustatzeko eta atmosferara igortzen den karbono dioxidoa murrizteko, eta baita elektrizitatea aurrezteko ere Ezin da instalazio guztietan egin, zenbaitetan klimatologiak ez duelako aholkatzen, baina helburua aurreztearen aldeko jokabide hau ahalik eta gehiena hedatzea da, klima aldaketaren kontra eta jasangarritasunaren alde eginda.
 
2019an Beire-Pitillaseko instalazio pilotuan lortutako emaitzek 2020an beste instalazioetara hedatzea bermatzen dute. Ez dugu ahaztu behar Beire-Pitillas panelak izaten lehenengoa izan zela, 36 hain zuzen: 59 metro karratuko azalera hartzen dute eta instalazioa energiaz autohornitzeko balio dute. 9,9 kWp*-ko potentzia dute eta, horri esker, 4.677 kilo karbono dioxido gutxiago igortzen dira urteko atmosferara; bestetik, 14.300 € inbertitu dira. 
 
Tuterakoak, aldiz, 100 kWp-ko potentzia du, panelek 600 metro karratuko azalera hartzen dute (306 panel-modulu, bakoitzak ia bina metro karratu) eta adjudikazioa 97.438,91 eurokoa izan zen (abenduan egin zen). Plakak datorren astean jarriko dira martxan.

Tafalla-Erriberriko instalaziorako adjudikazioa martxoan egin zen eta 94.438,91 eurokoa izan zen; obrak hasi berri dira, eta abuztuan amaituko direla aurreikusten da. Bestetik, Ebro Beherako plakak ere martxoan adjudikatu ziren (41.421,62 €), eta uztailetik abuztura bitartean jarriko dira.

Gogoratu behar dugu Tuterak 15.000 euro kontsumitzen dituela elektrizitatean hilero (Nafarroako araztegietan funtzionamenduan jartzeko eta mantentzeko gasturik handiena suposatzen du); Tafalla-Erriberrikoak, aldiz, 10.000 euro inguru kontsumitzen ditu, eta Ebro Behekoak, 7.000 euro inguru. Panel horiek instalazioak guztiz autohornitzeko beharrezko energia sortuko ez duten arren, bai helduko da araztegi bakoitzaren urteko kontsumoaren % 19 izatera.
 
Azkenik, nabarmendu behar da laster, ekainean, beste instalazio batzuetarako panelen lizitazioa helduko dela, hala nola Arga Behearena (Martzilla, Caparroso, Funes, Faltzes eta Azkoien herriei ematen die zerbitzua), Ega Behearena, Irati ibaiaren erdiko ibilguena (Agoitz, Ekai eta Aos) eta Valtierra-Arguedasekoena, eta 165.555,66 € (Arga Behea), 228.891,66 € (Ega Behea), 138.163,71 € (Irati ibaiaren erdiko ibilguak) eta 111.763,23 € joko dute.
 
Lizitazio horiek 2020ko lehen hiruhilekorako aurreikusita zeuden eta ezin izan dira garaiz egin, koronabirusaren pandemia dela eta, alarma egoera sortu baitzen martxoaren 14an, eta udaletako obra-lizentzien tramitazioak geldiarazi baititu. Orain, normaltasuna berreskuratzen ari gara, eta ezarritako plana gehienez hiru hilabeteko atzerapenarekin beteko dugu. Edozein modutan, NILSAko bulegoak irekita egon dira krisian zehar, larrialdietarako lau pertsonako talde batekin, eta landa-lanak zerbitzu presentzialekin mantendu dira, ura sektore estrategikotzat hartu baitzen. Gainerako langileek etxetik lan egiten jarraitu dute, eta horri esker lehenengo seihilekoko planifikazioan ez da atzerapen handirik gertatu eta orain sektorea ekonomikoki suspertzen lagun daiteke aipatutako jarduketa horien bidez (8.583.635,32 € jo dute guztira).