Nafarroako Gizarteratze Enpresen Elkarteak entitate sozialki arduratsu aitortu du NILSA - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2020

2020ko azaroak 24

Nafarroako Gizarteratze Enpresen Elkarteak entitate sozialki arduratsu aitortu du NILSA

Nafarroako Gizarteratze Enpresen Elkarteak (EINA) NILSAri, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuari atxikitako sozietate publikoari, eman dio entitate sozialki arduratsu 2020ko aitorpena. Gizarteratze-enpresei eta enplegu-zentro bereziei laguntzeagatik egin zaio aitortza.
 
NILSA, 50 langile izatera iritsi baitzen, behartuta zegoen desgaitasuna duen pertsona baten kontratazioa sustatzera (plantillaren % 2) edo, araudian salbuespen gisa, merkataritza-kontratu edo kontratu zibil bat izenpetzera enplegu-zentro berezi batekin (apirilaren 8ko 364/2005 Errege Dekretuan jasota dago salbuespen hori). Hala ere, langile-kopuru horretara iritsi eta araudiak behartu baino ia hamar urte lehenago, enpresa publikoak jadanik bazituen esleipenak emanda gizarteratze-enpresei, bere erantzukizun sozial korporatiboaren estrategian ezarritako jardunbide egoki gisa, genero-berdintasuna sustatzearekin batera. Arlo horretako lehen kontratua 2009ko martxoan sinatu zuen NILSAk, ASPACErekin, Altsasu, Arbizu-Lakuntza, Baztan, Bera eta Irurtzungo araztegietan lorezaintza-lanak egiteko; zenbatekoak 9.031 euro (BEZik gabe) jo zuen urtean. Ordutik, NILSAren konpromisoa nabarmen handitu da zenbatekoari eta garrantziari dagokienez.
 
Aurten, ezaugarri inklusiboak dituzten lau kontratu esleitu dira, eta bost urte iraungo du bakoitzak. Hurrengo bosturtekorako kalkulatutako zenbatekoa 930.060,89 euro da guztira.
 
Bada beste partida garrantzitsu bat arlo horren barruan, JOSENEA BIO, S.L.U. enpresari 2018ko azaroaren 16an esleitutakoa, zehazki, 10 urte edo gehiagoko eta/edo baldintza klimatologikoek hondatutako kartelak zituzten araztegietan seinale berriak jartzekoa. Hori ere bost urterako da, eta 31.320 euro jo du urtean, hau da, 172.260 euro guztira. Argitu behar da NILSAk eskatzen dituenean eta ekitaldi bakoitzaren beharren arabera fakturatzen direla lanak; hainbat urtetako gastua ez da zehazki, beraz, urtekoa bider bostaren emaitza, urte bakoitzak badituelako bere aldaketak eta espezifikotasunak.
 
Iaz, NILSAk 145.190 euroko gastua izan zuen, urtean, aurreko urteetako esleipenetan emandako kontratuak ordaintzeko lan-gizarteratzeko enpresei. Hona hemen: aipatutako JOSENEA (64.192,74 euro), AMIMET (40.362,33 euro) eta TASUBINSA (40.635,43 euro), lorezaintzako eta seinaleztapeneko lanengatik eta produktu ekologikoengatik. 
 
Bukatzeko, aipatu beharra dago langileek araztegietan erabiltzen dituzten jantzien garbiketa-zerbitzua ASPACE Fundazioarekin kontratatzen dela; zuzenean egiten da, kontratuaren zenbatekoak ez ez baitu esleitzera behartzen. 2019an, 1.126,87 euro jo zuen partida horretako gastuak. Kontratu horiek guztiak NILSAko webgunean daude eskura, Gardentasuna atalean, 6. puntuan (kontratazio publikoaren eta zerbitzuak ematearen inguruko informazioari buruzkoa da). Aldian behin eta etengabe eguneratzen da, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeko 36. artikuluaren 10. atalarekin bat: “Foru Komunitateko sektore publikoaren parte diren entitate guztiak behartuta egonen dira urtero argitaratzera enplegu zentro bereziei eta laneratze enpresei erreserbaturiko kontratuen zerrenda eta kontratu horien guztizko zenbatekoa”
 
NILSA erakunde publikoa 1989an sortu zen, eta hondakin-uren saneamendu eta arazketaz arduratzen da Nafarroa osoan. Ia 400 pertsonari ematen die lana zuzenean (50 pertsona) eta zeharka, eta ehun sozioekonomiko inklusiboa indartzen laguntzen du gizarteratze-enpresei esleitutako kontratuen bidez. NILSAk saneamendu-kanona ere kudeatzen du, herritar guztiek uraren ordainagiriaren bidez ordaintzen dutena, eta 30 milioi euro inguru biltzen ditu urtean: guztizkoaren % 72 etxeetatik dator, eta % 28, industria-jardueratik.
 
Ildo horretan, gogoratu behar da Nafarroak, arazketan aitzindariak Espainian, 545 milioi euro inbertitu dituela saneamenduan 30 urtean zehar. Horietatik, 313 milioi euro instalazioak eraikitzeko izan dira, eta 232 milioi euro funtzionamendura eta mantentze-lanetara bideratu dira. Iaz, 86.750.609 metro kubiko hondakin ur tratatu zituen Nafarroak.

Aitorpen horiek gaur banatuko dira, azaroak 24, Nafarroako Gizarteratze Enpresen Egunaren ospakizun-ekitaldian, Iruñeko Kondestablearen Jauregian, Fernando Mendoza zuzendari-kudeatzailea bertan egongo dela. NILSAk ez ezik, GAN-NIK erakunde publikoak ere (Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura atxikita) ere aitorpen bera jasoko du