Meotzek araztegia izango du 2021ean - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2020

2020ko urriaren 15a

Meotzek araztegia izango du 2021ean

Longidako Udaleko leku habitatua da Meotz. Gaur egunean, erroldatutako 20 biztanle dituen eta industria-jarduerarik ez dagoen arren, bigarren etxebizitzen gunea da; horren ondorioz, biztanleria hirukoiztera eta laukoiztera ere hel daiteke oporraldietan eta asteburuetan zehar. Dena den, udal-planak ez du espero herriguneko etxebizitza-kopurua nabarmen areagotzea; horregatik, orain arte, putzu septikoa arazte-elementu gisa erabiltzea nahikoa izan da.       
 
Hala ere, zaharkitzearen eta hustubidearen narriaduraren ondorioz, NILSAk, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuko enpresa publikoak, eta udalak konponbide berri bat adostu behar izan dute. Bestetik, herriguneko saneamendu-sareak duela gutxi eraberritu zituzten eta, ondorioz, egoera onean daude.       
 
Instalazioak sarrera-hustubidea, araztegia eta irteera-hustubidea hartzen ditu baitan; azken honek, 14 metrotan zehar, ur garbia eramango du Errekatxarreraino, lehor baitago sakan hori batzuetan, agorraldian. Sarrera-hustubideari dagokionez, hirigunearen amaieran hasiko da eta, partzela komunal bat zeharkatuz, araztegiraino helduko da, 300 metroko luzerarekin. Ibilbideak, eta araztegiaren kokapenak, udalaren errekerimendu bat jasotzen du, 2016ko amaieran lehen proiektua aurkeztu zenekoa: haranaren udal-planaren araudia kontuan hartuz, kokapena birplanteatzea.       
 
Kasu honetan, biztanleria-dentsitatea horren baxua denean ohi den bezala, hezegune artifizial bat diseinatu du NILSAk. Bi areatan banatzen da, 25 metro karratukoa eta 80 zentimetroko sakonerakoa bakoitza. Partzelak aldapa handia duenez, hormigoi armatuz eraikiko da. Hondoan, drainatze-hodien sare bat ezarriko da. Araztutako ura bilduko du sareak eta, lehen areatik bigarrenera eraman ondoren, irteera-kutxatilara bideratuko du, bukatzeko.       
 
Instalazioak batez beste 0,06 litro segundo inguruko emaria tratatu ahal izango du (5,20 m³ egunean), eta, 0,41 litro segundoko jaso ahal izango ditu gehienez. Uholde-urek edo ekaitzek eragindako emari handiko egunetan, adibidez, 0,14 litro segundoko emaria jasoko dela aurreikusi da; beraz, etorkizunean emari handiagoak jasotzeko tartea badu instalazioak (udal-planean aurreikusita ez dauden arren), birmoldaketa edo inbertsio berriak egiteko beharrik gabe.       
 
Instalazioan ez da elementu elektromagnetikorik egongo, beraz, ez du kontsumo energetikorik izango eta matxurak egoteko aukera asko murriztuko da. NILSAko langileen esku geratuko da instalazioaren egoera ona ikuskatzea, eta hilabetean bi aldiz bisitatuko dute buxadurarik ez dagoela, pilatutako lohi- eta flotatzaile-mailak egokiak direla eta ohiko funtzionamenduarenak ez diren isuririk ez dagoela ziurtatzeko. Halaber, uraren laginak hartuko dira sei hilabetean behin, kalitatea eta isurketen inguruko baimena betetzen dela ziurtatzeko.        
 
Lanek lau hilabete iraungo dutela aurreikusita dago, eta aurreikusitako kostua 210.715,63 euro da. NILSAk kudeatzen duen eta Nafarroako zergadun guztiek uraren ordainagiriaren bidez ordaintzen duten saneamendu-kanonaren kontura finantzatuko da guztia.       
 
Gaur egun, NILSA lanean ari da oraindik putzu septikoak baino ez dituzten 11.000 herritarrek arazketa-proiektu osoagoak izan ditzaten, baina oso motel egiten da aurrera ehun biztanle baino gutxiagoko eremu hauetan. Izan ere, inbertsio handiak behar dira, planifikazioa zenbait ekitalditan ezartzen da eta berezitasun konplexuak dituzte (orografikoak, tratamendukoak, eta abar).