Klima-aldaketaren aurkako Mundu Eguna ospatu du NILSAk, Tafallako gazteriarentzako jarduera hezitzaile bereziekin - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2020

2020ko urriaren 23a

Klima-aldaketaren aurkako Mundu Eguna ospatu du NILSAk, Tafallako gazteriarentzako jarduera hezitzaile bereziekin

Gaur goizean, Tafallako Marqués de la Real Defensa institutu publikoko ikasleek frogatu ahal izan dute denok egin dezakegula zerbait klima-aldaketaren efektuak arintzeko. NILSA sozietate publikoak tailer batzuk antolatu ditu uraren, ekonomia zirkularraren, hondakinen eta kutsaduraren inguruan. Ikasleek eskalan diseinatutako baliabideekin esperimentatu dute. NILSA Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentura atxikita dago eta arazketaren arduraduna da. 
 
Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuko kontseilariak, Bernardo Cirizak, Toki Administraziorako zuzendari nagusiak, Jesus Maria Rodrigezek, eta NILSAko gerenteak, Fernando Mendozak, tailer hauek zabaldu dituzte; horrela, ikasturteari inaugurazio ofiziala eman zaio ere. Hezkuntza-programak ikastetxeen eskari gehiago jasotzen ditu eskola-hilabeteetan zehar, berez hamabi hilabeteko iraupena duen arren. Ikastetxeek publiko osoaren % 75 osatzen dute. Konfinamenduan zehar etena eman zitzaien jarduerei; horren ondoren, berriz ere, normaltasuna berreskuratu du NILSAk modalitate presentzial guztietan. Urrian, 53 izen-emate baino gehiago erregistratu dira, eta zifra hori eta aurreko urteetakoa antzekoak dira oso.
 
2019-2020 ikasturtean 4.538 partaidez arduratu zen pedagogia-taldea. Nafarroako 51 herri desberdinetakoak ziren eta 245 taldetan banatzen ziren. % 20k jarduera batean baino gehiagotan hartu zuten parte. Eskola-tailerrek publikoaren % 57 hartu zuten, eta ibaian egindako jarduerek eta araztegietara egindako bisitek parte-hartzearen % 10 hartu zuten, hurrenez hurren. Hamar ibai bisitatu ziren (Aragoi, Arakil, Bidasoa, Zidakos, Ebro, Ega, Queiles, Zaraitzu eta Urruntzure erreka), eta hamabost araztegi (Altsasu-Urdiain, Agoitz, Artieda, Ebro Behea, Barasoain-Garinoain, Baztan, Beire-Pitillas, Zarrakaztelu, Castejón, Tutera, Lizarra, Mendabia, Erriberri-Tafalla, Ega Behea, Arga Behea). 
 
Martxoaren 12tik aurrera, NILSAk jarduera guztiak bertan behera utzi zituen COVID19ak eragindako pandemiaren ondorioz. Apirilaren 6an, hala ere, online programa bat hasi zuen, ingurumenaren aldeko eta ura behar bezala erabiltzearen aldeko kontzientziazio-neurriak eskaintzen jarraitzeko. Eskura dagoen bitarteko bakarra: internet. Programak 6.129 eta 2.025 bisita izan zituen gaztelaniazko eta euskarazko bertsioetan, hurrenez hurren. Candy Crush bideojoko ezagunaren antzeko dinamika batekin, esku-garbiketaren gaineko joko batez osatzen zen, baita bederatzi atal hezitzailez ere: zientzia arloko aplikazioen dibulgazioa; ibai-ekosistemetako izaki bizidunei buruzko bilduma-fitxen dibulgazioa; uraren ziklo integralari buruzko albiste berdeen bilduma; hezkuntza-programan aurrez aurre landu ohi diren gaiei buruzko bideo laburren sorta; tailer eta jardueretan erabilitako aurkezpenak, jolasak eta lan-materialak; eskulanak; ura etxean arduraz erabiltzeari buruzko bilduma; familia batek astero ingurumen-praktika egoki bati aurre egiteko erronka-joko bat; eta ur-aztarna apaleko sukaldaritza-errezeta osasungarriak.
 
Hezkuntza-programa 
 
21 urteko ibilbidea du jada NILSAren dibulgazio- eta pedagogia-kanpainak. Hazten joan da publikoari, jarduerei, irismenari eta hizkuntzei dagokienez (gaztelania, euskara eta ingelesa). Doan izan da beti, NILSAk saneamendu-kanona kudeatzen baitu. Izan ere, kanona ur-ordainagiriaren bidez kobratzen da eta, araztegiak eraiki eta haien funtzionamendua eraman ez ezik, ingurumen-kontzientziazioaren arlo hau lantzen du ere. Azken urteotan, marka guztiak hautsi ditu parte-hartzaileen kopuruari dagokionez, ondoz ondo. Koronabirusa izan da oztopo bakarra. 2019an, 9.155 pertsonak hartu zuten parte; 2018an, 7.177 pertsonak; eta aurreko urtean, 6.903 partaide izan zituen.
 
Duela urtebete eskas aurkeztu zuten programa, 2019ko abenduaren 10ean, Klimaren Goi-bileran (COP25). Madrilen egin zen bilera, abenduaren 2tik 13ra, eta ia 200 herrialde bildu ziren bertan. Programa aurkeztera gonbidatu zuten NILSA, arrakastatsutzat jo baitzuten herritarrak berotze globalaren eta planetaren suntsiketaren aurka kontzientziatzeari dagokionez, batez ere uraren, baliabide urri eta ezinbesteko horren, erabilera jasangarriei dagokienez.