Aguilar Kodeskoko araztegiaren proiektua aurkeztu du NILSAk - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2020

2020ko abenduaren 23a

Aguilar Kodeskoko araztegiaren proiektua aurkeztu du NILSAk

La actual fosa séptica será demolida

Aguilar Kodeskoan erroldatutako 67 biztanleek araztegia izango dute 2021. urtearen amaieran. NILSAk gaur goizean aurkeztu du proiektua udaletxean. Urteko garai batzuetan, 150 biztanle ere bizi daitezke herrian. Orain arte 42 metro kubikoko edukierako hobi septiko bat zuen, herrigunetik 190 metrora, eta instalazio berriko elementu gisa probestuko da.   

Tamaina horretako herriak arazteak ahalegin handiagoa eskatzen du, mantentzeko lan gutxi behar duten eta, ahal bada, energia elektrikorik gabe funtzionatzen duten sistema sendoak instalatu behar direlako. Hala, eremuaren desnibelak ahalbidetzen badu, oinarrizko sistema bat, balantzin bakarrekoa, aukeratzen du NILSAk; izan ere, elektrizitaterik gabe eraman dezake ura ohantzera eta, gainera, grabitate bidez ateratzen da ura bigarren mailako tanga batera. Araztegiaren kokapena egungo instalazioa kontuan hartuta zehaztu da, desnibelak ahalbidetzen duelako eta hobiaren eta Linares ibaira ura isurtzeko eremuaren arteko espazioa behar bezain zabala delako.   

Uraren tratamenduaren azken etapan, bi hezegune artifizial jarriko dira, 114 metro karratuko azalera eta 80 zentimetroko sakonera izango dutenak; urtean behin berrikusiko dira lorategiak, eta, beharrezkoa bada, landareak moztu. Arazketa-prozesuan sortzen diren lohiak haiek tratatu ditzakeen beste araztegi batera eramango dira, 2.000 biztanle baino gutxiagori zerbitzua ematen dieten araztegi guztiekin gertatzen den bezala.   

Araztegiak batez beste 0,36 litro segundo inguruko emaria tratatu ahal izango du (31 m³ egunean), eta, 2,5 litro segundoko jaso ahal izango ditu gehienez. Emari handiko egunetan, uholde-urek edo ekaitzek eragindakoetan, adibidez, 0,86 litro segundoko emaria jasoko dela aurreikusi da; beraz, etorkizunean emari handiagoak jasotzeko tartea badu instalazioak, birmoldaketa edo inbertsio berriak egin beharrik gabe horretarako.   

Proiektuaren tramitazio administratiboak sei hilabete inguru iraungo du. Aurreikusitako kostua 299.682 eurokoa da (BEZa kanpo), eta NILSAk kudeatzen duen eta Nafarroako zergadun guztiek uraren ordainagiriaren bidez ordaintzen duten saneamendu-kanonaren kontura finantzatuko da guztia. Obrek sei hilabete iraungo dute, eta datorren urteko bigarren seihilekoan egingo direla aurreikusi da.   

Estellerrian, eta zenbaitetan Jurramendiko Mankomunitatearekin elkarlanean, Iguzkitzako, Cabredoko eta Torres del Ríoko instalazioak inauguratu ditu azken hilabeteetan NILSAk, Ega Garaiko (Ega ibaiaren inguruan) eta Aguilarko (Linares ibaiaren inguruan) haranetako arazketa hobetuta.