Nafarroako Gobernuak Hiri-erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailea onetsi du 2019-2030 aldirako - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2019

2019ko maiatzaren 8an

Nafarroako Gobernuak Hiri-erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailea onetsi du 2019-2030 aldirako

63 alegazio baietsi dira, aurkeztutako 150etatik

Gobernu Kontseiluaren gaurko saioan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko Departamentuko kontseilariak proposatuta, Hiri-erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailea onetsi da 2019-2030 aldirako.

Aldaketa klimatikoaren aurka egiteko Nafarroak ur-arloari dagokionez duen tresna handiena da plan zuzentzailea, eta 150 alegazio jaso ditu jendaurreko aldian (2018ko abendutik 2019ko otsailera); haietatik, 63 baietsi dira (osorik edo partzialki), eta 43 ezetsi; bestetik, gainerako 44ak hasierako dokumentazioan jasota zeudela jo da.

Jasotako alegazio gehienak Ega (78 alegazio, hau da, guztien % 52) eta Queiles (21 alegazio, hots, % 14) ibaien ingurukoak ziren. Lehenengo multzoari dagokionez, gehienek hauxe eskatzen zuten: alternatibak berriro aztertu, ingurumen-azterlan estrategikoan zehaztasunak sartu, Mendazako akuiferoaren gaineko presioa murriztu, Nafarroako kanalerako konexioa aurreratu eta aurrekontuak eman alubioi-putzuak erabiltzeko azpiegiturei.  Haietatik guztietatik, % 44 baietsi dira osorik edo partzialki, eta % 22 ezetsi; gainerako % 34a jasota zegoela jo da.  Queiles ibaiaren arroari dagokionez, 21 alegazio jaso dira; haietatik, % 5 baietsi dira, eta % 57 ezetsi, eta gainerakoa jasota zegoela jo da.   Eta hau eskatzen zuten egindako alegazioek: Quilesko iturriak ez erabili horniduran, ur-bolumenak ez handitu, kontsumo ez-eraginkorrei isunak jarri eta ez sartu garraio-azpiegiturarik beste autonomia-erkidegoetatik.   Kontuan hartu behar da plan zuzentzaileak bere gain hartu dituela legez indarrean dauden emakidak eta Ebroko eremuaren plan hidrologikoan jadanik ezarritako ur-erabilerak.

Beste eremu geografikoetan ere egin ziren alegazioak. Esate baterako, Iruñerriko Mankomunitateak 12 egin zituen guztira, eta haietako nabarmenena zen Estatuko interes orokorreko saneamendu-lanak sartzea .  Izarbeirbarko Mankomunitateko alegazioen artean, bestetik, hornidura-lanei buruzkoa izen zen aipagarriena; hirugarren blokearen gainerako proposamenak (51ra iritsita) oso heterogeneoak ziren.

Plan zuzentzailea Nafarroako Gobernuko departamentu honek egin du 2016tik 2019ra bitartean, eta haren helburua da Nafarroa osoko hornidura eta saneamendu integrala arautu eta ziurtatzea. Partaidetza publikoko prozesuan zehar, 2018ko urtarriletik maiatzera bitartean, 741 ekarpen jaso ziren: 556 ekarpen bileretan egin ziren, eskua jasota eta lan-taldeetan egindako proposamenen bidez, eta beste 185, Internet bidez. Horietatik, 140 Gobernu Irekiaren bidez iritsi ziren, eta beste 45, posta elektronikoz. Prozesuan, 394 pertsonak parte hartu zuten (301 gizon eta 93 emakume), arlo instituzionalekoek zein herritarrek, elkartekoek, kolektibokoek eta abarrekoek.

Gogoratu behar da plan zuzentzaileak mota guztietako 10 ekintza-lerro hartzen dituela, azpiegituretatik etorkizuneko gobernantzara (tarifikazioa barne). Giltzarria da aldaketa klimatikoa jasaten ari garen gaur egungo agertoki honetan. Izan ere, aurreikuspenek diote % 15 murriztuko direla ekarpen hidrologikoak Nafarroan 2030erako eta biztanleria-tasak egonkor jarraituko duela, hau da, gutxienez eskari bera asetzen jarraitu beharko dugula baliabide gutxiagorekin. Egungo ur-kontsumoa 77 hektometro kubiko da urteko.

Hornidura-helburuek xedatzen dute 2030ean kalitate handiko iturri egonkorrak eta behar bezain dibertsifikatuak izan beharko direla biztanle guztiei zerbitzu jarraitu eta bikaina asetzeko, ahaztu gabe kontsumo arduratsua ezinbestekoa izango dela: etxeko kontsumoa 120 litrotik beherakoa izatea biztanle eta egun bakoitzeko, erregistratu gabeko ur-kopurua murriztea, eta kalitate gutxiagoko baliabideak beste erabilera batzuetarako bideratzea. Beste alde batetik, sistema biologikoen bidezko saneamendua 100 biztanletik gorako gune guztietara hedatuko da 2024rako. Gaur egun, Nafarroako biztanleen % 98k saneamendu biologikoa du jadanik, eta gainerako % 2an lortzeko lan egiten ari gara; zaila da hori, ordea, sakabanaketa geografikoa eta biztanle-dentsitate urria direla eta.

Gobernantzaren eta tarifa-kudeaketaren esparruari dagokionez, ezartzen du kostuen azterketa zorrotza egitea 2020an, berrehun entitate baino gehiagok ematen baitituzte hornidura-zerbitzua eta hura kobratzeko kudeaketa Nafarroan gaur egun, hau da, ez dago modu bakar eta homogeneorik. Planak jasotzen du tarifa-sistema komun, solidario eta orekatua ezarri behar dela 2021. urterako, aurrezpena eta efikazia sustatuko dituena uraren erabilera eta kudeaketan, baita uraren hiri-zikloa arautuko duen foru-lege bat onetsi behar dela ere.

Ildo nagusien artean, gainazaleko zein lurrazpiko ur-masen egoera ekologiko ona lortzearen alde egiten du dokumentuak, baita kostuak erabat berreskuratzea ere 2027rako. Izan ere, Uraren Esparru Zuzentarauak, garrantzitsuenak Europar Batasunean, ezinbesteko betekizuntzat jotzen du hori. Halaber, I+G+B inbertsioa jasotzen du –lehentasunezko 11 ikerketa-lerro ditu eta aurrekontuaren % 2ra iritsiko da 2030ean– zerbitzua hobetzeko printzipio gisa, baita informazio-, heziketa- eta sentikortasun-kanpainak herritarrentzat ere.