Uraren plan zuzentzaileak kostuak berreskuratzeko Europako eskakizuna azpimarratzen du Erriberan - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2018

2018ko martxoaren 12a

Uraren plan zuzentzaileak kostuak berreskuratzeko Europako eskakizuna azpimarratzen du Erriberan

“Hiri Erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzaileari buruzko kontsulta-prozesu honetan parte hartu duten pertsona guztiak bat datoz kostuak berreskuratzea eskatzen duen printzipioarekin: kostu ekonomikoak, ingurumenekoak, pertsonalekoak…”, hala zioen atzo Tuteran Angel Pino, Nafarroako Gobernuko Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioa Sailari atxikitako Ur Zerbitzuko zuzendariak herritarrek plan honetan izandako partaidetzari amaiera eman dion itzulera-bileraren hasieran.

Kostuak berreskuratzea Uraren Esparru Zuzentarauan ezarritako printzipioetako bat da, Europar Batasuneko herrialde kideek nahitaez bete beharrekoa eta plan zuzentzaile honek erantzuna eman behar dien erronka nagusietako bat. Gaur egun, Nafarroan ez dago gastatzen duena berreskuratzen duen kudeaketa-sistemarik, zenbait partida ez direlako aurreikusten kontuetan, esaterako, azpiegituren amortizazioa, eta beste batzuk ez direlako kontuan hartu ere egiten, esaterako, ingurumen-kostuak. Horregatik, Pinok adierazi zuen “bide luzea geratzen dela egiteko, baina dagoeneko martxan jarri behar dela plan hau, gero proposatutako mugarrien progresibitatea berrikusten bada edo oso laburrak izan daitezkeen epeak luzatzen badira ere. Ezin dugu gehiago atzeratu uraren arazoa, Uraren Esparru Zuzentarauak 2010. urtea ezarri zuelako epemugatzat eta ebatzi beharreko kontu asko daudelako”.

Kontu horien artean aurreko lurralde-bileretan identifikatu zirenak ere azaldu ziren (Baztan/Bidasoa, Sakana, Pirinioak): erregistratu gabeko ura kontabilizatzea, Nafarroan % 60 eta % 70 artekoa da batez bestekoa; kontsumoak (etxekoa, industriala, zuzkidurena, beste batzuk)  zehaztasunez aztertu eta kuantifikatzeko betebeharrezkotasuna etorkizuneko egoerei buruzko hipotesiak egin ahal izateko; eta uraren ziklo osoa koordinatuko duen erakunde kudeatzaile bat sortzearen egokitasuna, gaur egun 200 erakunde baino gehiago baitaude Nafarroan hornidura-eskumenekin. 

Zentzu horretan, Iñaki Urrizalkik, plana idazteko ardura duen NILSA enpresa publikoko kudeatzaileak, nabarmendu zuen “gobernantza on bat izateko, herritar guztiei zerbitzu publiko kalitatekoa, homogeneoa eta eraginkorra eskaintzea behar du eta, horretarako, irizpide eta jardunbide erkideak eta orain araztegian dagoenaren antzeko tarifikazio-sistema arautua ezarriko duen erakunde koordinatzailea izan behar du”.
Bileran izan ziren hogei lagunek, bestalde, –hainbat erakunderen ordezkari gisa, esaterako, Tuterako Ur Batzordea, Tuterako udala, Moncayoko Uren Mankomunitatea, Cascante, Cintruenigo eta Fiteroko Ur Mankomunitatea, Fontellas, Cortes eta Cintruenigoko udalak, kontserben enpresa-taldeak, basozaintza eta EDER Partzuergoa, beste batzuen artean– hauxe azpimarratu zuten: “Cortesen eta beste hainbat udaletan duela hiru urtetik egiten ari diren ahaleginak eraikin eta zuzkidura publiko guztietan kontagailuak jartzeko eta, horrela, ur-kontsumoak erregistratzeko”.

“Erregistratu gabeko urarena da, dudarik gabe, planeko gai nagusia Nafarroa osoan”, errepikatu zuen Urrizalkik, Lakuntzan egin zen Sakanako esparruko bileran azaldu zuen bezala, edo Irunberrin antolatutako Pirinioetakoan azaldu zuen bezala, Foru Komunitateko lurralde guztiei berdin eragiten dien gaia delako, Iruñerriko eskualdeari izan ezik. Iruñerriko eskualdean zorrotzagoa da uraren erregistroa eta sareak kontzentratutago daude eta horrek erraztu egiten du jarraipena eta ikuskapena egitea.
Pinok adierazi zuen hornidura-arloan eskumenak dituzten udalek eta erakundeek identifikatu beharko dutela non, noiz eta zergatik gertatzen diren ur-ihesak  –horrek erraztu egingo du ura leku bakoitzean zenbat kostatzen den jakitea–, hori ez delako Nafarroako Gobernuaren eskumena. Bileran bildutako ordezkariek diru-laguntzak eskatu zizkioten Foru Gobernuari zeregin horretarako.

Azkenik, Urrizalkik kostuak berreskuratzeko ideiari eutsi zion, Uraren Esparru Zuzentarauan jasota dagoen “kostua-eraginkortasuna” izeneko kontzeptua nabarmenduz: uraren erabilerari buruz hartu beharreko neurrien konbinaketa errentagarriena aztertzeko behar adina xehatutako informazioa duen azterketa ekonomikoa egingo da, neurri horien kostu potentzialen aurreikuspenetan oinarrituta. “Modu horretan, kostua-eraginkortasuna analisia mugape bakoitzean jarduketak diseinatu eta hautatzeko tresna bat da”, azpimarratu zuen. Bai kontzeptu hori eta bai uraren zikloak modu autonomoan funtzionatzeko kontzeptuak, kostu guztiak kobratzen dituzten diru-sarrerak sortuz, gobernantza ona eta tarifikazio eraginkorra bi helburu saihestezin eta lehentasunezko gisa aurreikusten dituen plan batean barneratuta daude.

Bi azken bilerak

Hurrengo bilerak leku hauetan egingo dira: Iruñerrian (Iruñea, martxoak 13) eta Mairagan (Tafalla, martxoak 14). Prozesuan zehar erantzuna emango zaie erakunde, kolektibo eta herritarrek Gobernu Irekiaren bidez azken hiru aste hauetan egindako iradokizun, kexa eta beste jakinarazpen batzuei eta hasierako faseko bileretan sortutako eskaerei. Bilera horiek urtarrilaren 24tik otsailaren 9ra bitartean egin dira, Jurramendiko Mankomunitatearen salbuespenarekin. Hango bilerak ez dira egin oraindik, Lokiz mendikatetik ura ponpatzeari buruzko azterlan bat baloratzen ari delako. Azterketa honen ondorioak eskura izaten direnean, bi bilerak egingo dira eta Nafarroa osorako amaierako itzulera-bileraren data ezarriko da. 

Bilera horren ondoren, behin betiko plan zuzentzailearen hasierako bertsioaren dokumentua aurkeztuko da, dagokion ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera. Jendaurrean edukitzeko aldia (45 egun baliodun) igaro eta hortik atera beharreko ondorioak atera ondoren, Nafarroako Gobernuak lege-proiektua idazteko behar diren plana eta izapide parlamentarioak onartu ahal izango ditu.

Planak bi seiurtekoren epea aurreikusten du plana ezartzeko, 2019an hasi eta 2030ean amaituko liratekeenak. Seiurteko bakoitzak bere mugarriak ditu, eta toki-erakunde bakoitzaren aukeren arabera eta Nafarroako Gobernuak herrien eskura jar ditzakeen baliabideen arabera berrikusiko dira.