Sakanak onartzen du uraren plan zuzentzaileak sareen kontrol zorrotza eskatuko duela - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2018

2018ko martxoaren 7a

Sakanak onartzen du uraren plan zuzentzaileak sareen kontrol zorrotza eskatuko duela

Sakanako zonako hamabost bat ordezkari bildu ziren atzo Mankomunitatearen egoitzan. David Oroz presidentea eta Itziar Iribarren kudeatzailea izan ziren anfitrioiak. Nafarroako Gobernuak ordezkari hauek izan zituen: Angel Pino Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioa Sailari atxikitako Ur Zerbitzuko zuzendaria, eta Iñaki Urrizalki NILSA enpresa publikoko kudeatzailea. Biek azaldu zuten “etorkizuneko erronka nagusia erregistratu gabeko ura kontrolatzea dela, kontsumo jasangarria lortzeko”. Helburu horrekin, toki-erakunde eskudunek sareak berrikusi beharko dituzte eta sare horietan ihesak eragiten dituzten narriadurak edo kontrolik gabeko edo legez kanpoko hartze-puntuak identifikatu.  “Sakanako zonan bakarrik bi milioi litro ur galtzen dira urtean erregistratu gabeko uretan”, adierazi zuen Urrizalkik. “Erregistratu gabeko urarena da, dudarik gabe, gai nagusia”, berretsi zuen.
 
Bestalde, Ángel Pinok adierazi zuen horniduran eskumenak dituzten udalek eta erakundeek (Araitz, Betelu, Arano, Leitza, Areso, Goizueta, Ultzama, Odieta, Basaburua, Larraun, Imotz, Arakil eta Ergoienako kontzeju eskudunek, Ultzanueta eta Sakanako mankomunitateek, Ercilla Partzuergoak, eta Lantz, Lekunberri, Atez-Atetz, Arruazu, Irañeta, Uharte Arakil, Etxarri Aranatz, Altsasu eta Ziordiako udalek) identifikatu beharko dutela non, noiz eta zergatik izaten diren ur-ihesak, horiek ez direlako Nafarroako Gobernuaren eskumenekoak. Ordezkariak ados zeuden arren, laguntza teknikoa eskatu zuten, eta jasota dago planean.
 
Zentzu horretan, Pinok azaldu zuen “erregistratu egin beharko diren kontsumo piratak daudela. Izan ere, ezagutzen dugu sareen errendimendu hidraulikoaren ahalmen teknikoa, baina ez benetako kontsumoa. Benetako kontsumoa osatuta egongo da erregistratu gabeko ura kontabilizatzen denean”. Benetako kontsumo hori ezinbestekoa da gero tarifikazio-sistema bat ezartzeko. Pinok hitz egin zuen kontu horri buruz ere: “Oraintxe bertan ezinezkoa da tarifa bakarra. Beharrezkoa da tarifa-sistema arautu bat. Hori planteatzen du planak eta hori gertatzen da arazketarekin saneamendu-kanonaren bidez”.
 
Hartzeen eta azpiegitura-soluzioen egungo egoerari dagokienez, ez da aldaketarik aurreikusten zonan, “uraren kalitatea ona dela, baliabide-eskasiarik ez dagoela eta egungo sistemak funtzionatzen duela kontuan hartuta, ez delako premiazkoa”, adierazi zuen Pinok.
 
Azkenik, Urrizalkik adierazi zuen “beste autonomia-erkidego batzuetan, esaterako, Andaluzian aplikatzen den solidaritate-printzipio bat, bizitzeko gutxieneko oinarrizkoa izenekoa” ere aurreikusten dela planean. NILSAko kudeatzaileak aditzera eman zuen arazo ekonomikoak dituzten edo ahultasun-egoeran eta gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonei eta baldintza bereziko beste kolektibo batzuei bermatutako biztanle eta eguneko 100 litroko kontsumoa dela. Nafarroako etxeetako batez besteko ur-kontsuma 117,5 litro da, pertsonako eta eguneko. 
 
Bilera horrekin amaitutzat eman zen itzulera Sakanako zonan. Hala ere, erakundeek eta herritarrek ekarpenak egin ahal izango dituzte planaren bertsio berriaren informazio publikoko fasean (45 egun baliodun). Bertsio berriak partaidetza-prozesuko ondorio guztiak jasoko ditu. 
 
Hurrengo bilerak
 
Hurrengo bilerak leku hauetan egingo dira: Pirinioetan (Irunberri, martxoak 7), Erriberan (Tutera, martxoak 12), Iruñerrian (Iruñea, martxoak 13) eta Mairagan (Tafalla, martxoak 14). Prozesuan zehar erantzuna emango zaie erakunde, kolektibo eta herritarrek Gobernu Irekiaren bidez azken hiru aste hauetan egindako iradokizun, kexa eta beste jakinarazpen batzuei eta hasierako faseko bileretan sortutako eskaerei. Bilera horiek urtarrilaren 24tik otsailaren 9ra bitartean egin dira, Jurramendiko Mankomunitatearen salbuespenarekin. Hango bilerak ez dira egin oraindik, Lokiz mendikatetik ura ponpatzeari buruzko azterlan bat baloratzen ari delako. 
 
Azterketa honen ondorioak eskura izaten direnean, bi bilerak egingo dira eta Nafarroa osorako amaierako itzulera-bileraren data ezarriko da. Bilera hori Iruñean egingo da, seguruenik apirilean.
 
Bilera horren ondoren, behin betiko plan zuzentzailearen hasierako bertsioaren dokumentua aurkeztuko da, dagokion ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera. Jendaurrean edukitzeko aldia igaro eta hortik atera beharreko ondorioak atera ondoren, Nafarroako Gobernuak lege-proiektua idazteko behar diren plana eta izapide parlamentarioak onartu ahal izango ditu.
 
Planak bi seiurteko epea aurreikusten du plana ezartzeko, 2019an hasi eta 2030ean amaituko liratekeenak.