Puiuko araztegiak ateak ireki ditu herritarrek bisita dezaten, eta haurrentzako jarduerak ere izan dira - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2018

PUIU, 2018KO EKAINAREN 22A

Puiuko araztegiak ateak ireki ditu herritarrek bisita dezaten, eta haurrentzako jarduerak ere izan dira

ISABEL ELIZALDE KONTSEILARIA INSTALAZIOAN BARNA IBILI DA, NEKANE SALABERRIA ALKATEAK ETA PEDRO LERALTA MAIRAGAKO MANKOMUNITATEKO BURUAK LAGUNDUTA.

Araztegia (Puiu)

Puiuko biztanle guztiek herriko araztegia ezagutu ahal izan dute, ateak ireki baititu jende guztiarentzat. Goizean, bisita ofiziala izan da, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Tokiko Administrazioko Departamentuaren kontseilari Isabel Elizalderen eskutik, eta, arratsaldean, jolasak izan dira haurrentzat, eta bisita gidatuak instalazioan zehar, helduentzat. Elizalderekin batera, Puiuko alkate Nekane Salaberria eta Mairagako Mankomunitateko buru Pedro Leralta egon dira, baita NILSAko kudeatzaile Iñaki Urrizalki ere; arazketa eta saneamenduaren enpresa publiko arduraduna da Nilsa Nafarroan. NILSAk urteko memoria korporatiboa aurkeztu du ekitaldian, entitatearen kontuak zein Nafarroako Ibaien Saneamendurako Plan Zuzentzailearenak biltzen dituena. 

Planaren urteko txostenak jasotzen du 2017an egindako lanek 5.785.025,23 euro jo zutela. Honako hauek izan ziren lan horiek, zehazki: Lantz, Ledea, Puiu eta Lizarraga-Ergoienako instalazioak amaitu, Ziordiko proiektuak hasi, eta Tuterako jariatze-tanga hobetu.  Halaber, ondoko proiektuak lizitatu ziren iaz: Jaitzekoa, Ezkarozekoa (hustubidea) eta Urdazubikoa (konexioa Leorla eta Hiribere auzoekin), eta Urederrako behe-ibilguena ere. Bestetik, hauek guztiak idatzi ziren: Hiriberri, Errazkin, Baraibar (bigarren fasea), Aroztegi, Orotz-Betelu, Arano eta Meozkoak, Monteagudoko hustubidea aldatzea, Valtierrako hustubidea eta atxikipen-tanga berritzea, Fiteroko araztegia eraberritzea, eta hobekuntzak Corella, Baztan eta Cortesko tratamenduan, baita Behe Argako hustubideetan zein Ultzamako kolektoreetan (3. fasea) ere.  

Instalazioen operazio- eta mantentze-gastuek 13.133.268,12 euro jo zuten, zeinetatik 7.316.442,67 euro NILSAk kudeatu baitzituen zuzenean, eta gainerakoa, Iruñerriko Mankomunitateak (4.772.201,33 euro) eta Jurramendikoak  (1.044.724,12 euro). 141 araztegi eta ia 500 hobi septiko dira instalazio horiek guztira, Nafarroa osokoak.  Plan zuzentzailea NILSAren ardura bada ere, bi toki-entitate horiek bere esparruan dauden instalazioen funtzionamenduaren ardura dute, eta kostuak plan zuzentzaileari jasanarazten dizkiote.  

Plan zuzentzailearen gastuak saneamendu-kanonak estaltzen ditu, zeina zergapeko guztiek ordaintzen baitute ur-ordainagiriaren bidez.   2017an zehar, 30.405.067 euro bildu ziren. Tratamendu-tarifak 0,5970 €/m³ eta 0,7150 €/m³ dira, familientzat eta etxekoak ez diren erabileretarako, hala nola erabilera industrialerako, hurrenez hurren. Tarifak ez dira igo 2018n zehar. 

Ur-emariei dagokienez, 75.657.875 metro kubo hondakin-ur tratatu ziren, hots, 2016an baino gutxiago: 78.449.268 metro kubiko. 2015ean 78.522.998 metro kubiko araztu ziren. Horrek esan nahi du azken bosturtekoan beheranzko joera iraunkorra dagoela. Berri ona da, jokabide hobeen ondorioz ur-kontsumoak behera egin duela esan nahi duelako: bai etxeetan (ura aurreztuz) eta bai udal-sareetan, kasu askotan ur beltzak eta euri-urak bereizi egin dituztelako.  Horrek esan nahi du euri-ura ez dela araztegietara joaten herrietan sare bereiziak gehitu direlako. Beraz, prezipitazioetatik datorrenez eta ez giza erabileratik, ur garbia da eta ez du araztu beharrik. Udal-sare guztiak bereiziak balira, ur beltzak soilik tratatu beharko lirateke, eta hori da udalerri bakoitzak izan beharko lukeen helburu ideala. 

Gaur egun, instalazioak prestatuta daude urtean 205.565.850 metro kubikoko baterako emaria hartzeko. Horrek esan nahi du etorkizuneko populazio-, industria- edo hirigintza-garapenak onartuak izango direla saneamendu-sarean azpiegitura-zuzkidura berririk egin gabe edo egungoak handitu gabe.. 
 
I+G+B

Ikerketa eta garapenaren arloan, NILSAk hainbat erronka hartu ditu bere gain, hala nola aurrerapen teknologikoetatik sortutakoak –azaleratzen ari diren kutsatzaileetan jarri dute jomuga–, etengabe hazten ari den mugikortasun globaletik sortutakoak –arrisku sanitario berriak sartzen ari dira– eta ekonomia zirkularreranzko aldaketatik sortutakoak –ingurune naturalean materia organikoa eta mantenugaiak sartzeko premian jartzen du arreta–. Esparru horren barruan, hiru ikerketa-ildo garatu genituen 2017an zehar:

Drainatze jasangarriko sistemak: euri-ur gutxiago bideratu nahi dira hiri-saneamenduko sareetara.
Araztegietako ur zikinen nitrogenoa eta fosforoa kentzea: horien inpaktua minimizatu nahi du, bereziki tenperatura handiko egoeretan.
Ekonomia zirkularraren estrategian bi lerro daude: araztegietako lohietan fosforoa berreskuratzea eta lurzoruak ongarriztatzeko erabiltzen diren lohien kalitatea hobetzea. 

Beste alde batetik, aipatu behar da Nafarroak 6,6 milioi euro lortu zituela iaz POCTEFA proiektuen bidez, 24 proposamenen eskutik. Horietako bat, POCTEFA OUTBIOTICS, NILSArena da, Zaragozako Unibertsitatearekin lankidetzan egindakoa. Antibiotikoek uretan eta hondakinetan duten presentzia identifikatzea da helburua; horretarako, batez ere animalia-jatorriko antibiotikoen diagnostiko, prebentzio eta ezabapenerako teknologia berritzaileen arloan ikertzen ari da.  Horrez gain, proiektu europarren esparruan, LIFE NADAPTA izenekoan parte hartzen ari da NILSA, hots, aldaketa klimatikora egokitzeko lehen proiektu europarrean. Lanak bi ildotan ardazten dira kasu horretan: hondakin organikoen tratamendu eta balorizazio agronomikoan, batetik, eta, bestetik,  hondakin-uraren fosforoa berreskuratzea prezipitazio bidez. Lehen aukeran, lohiak, janari-hondarrak eta simaurrak konpostatzeko instalazio pilotuak baliatzen dira, hiru helburu hauekin: materia organikotik lortutako ongarriak erabiltzearen onurak eta arazoak ebaluatzea, nekazaritzako jokabide egokiak egokitzea, eta sektore publikotik ateratako materia organikoaren kudeaketa-estrategia nekazaritza-sektoreko premiekin koordinatzea. Hondakin-uretatik fosforoa berreskuratzeari dagokionez, estruvita-prezipitaziorako planta pilotu batean lan egiten ari gara, fosforoa ateratzeko Tuterako araztegian tratatzen diren  lohietatik.
 
Dibulgazioa eta sentsibilizazioa

Heziketa-arloan, nabarmen handitu da parte-hartzaileen kopurua azken hiru urteetan: 6.903, 2017an, eta 4.851, 2016an. Puiun antolatutako haurrentzako jolasak eta helduei eskainitako bisita gidatuak daude, besteak beste, jarduera horien barruan. Jarduerei emandako batez besteko puntuazioa 4,8 izan da, 5etik. Hiru hizkuntzatan (gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez) eskaintzen dira , doan, bisitak, tailerrak, jolasak eta urtetik urtera sortzen diren jarduera berriak.   
Hona hemen 2017ko zazpi mugarriak:

Moncayoko Uren Mankomunitatearekin egindako kanpaina. 75. urteurrenaren kariaz, dibulgazio- eta sentsibilizazio-kanpaina bat, erakusketa ibiltari bat, zehazki, egin zuten mankomunitateari atxikitako udalerrietako eskoletan. 
• Miguela, Jokin y los cuentos del agualantegia. 0 eta 3 urte bitarteko haur-eskoletan garatutako lantegia, Izarbeibarko Mankomunitateak eskatuta.
Bigarren Hezkuntzarako lantegiak Urtarrilean estreinatu zen bigarren hezkuntzako lehen ziklorako “El agua en juego” lantegia: rol-jokoa da eta parte-hartzaileek uraren kudeatzaile izan behar dute. Beste estreinaldietako bat Bigarren Hezkuntzako bigarren ziklorako “Agua Virtual” izeneko lantegia izan zen.
• Jardunaldi informatzailea irakasleekin. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin batera, saio bakarra eskaini da.
• Prestakuntza denbora libreko monitoreei. Ingurumen-heziketari buruzko prestakuntza teoriko-praktikoa, Itaka Escolapios elkarteak eskatuta.
Memorias del Agua lantegiaren bertsio handitua. Udan Memorias del Aguaren beste lantegi bat egin genuen. Adin guztietako jendeak hartu zuen parte, bai haur-hezkuntzako umeek eta baita 65 urtetik gorakoek ere. Bi herritan abiatu zen esperientzia berria: Arellanon eta Cabredon. Belaunaldi arteko ikuspegi kooperatiboa eskaintzea da helburua.
• Kit del río materialaren estreinaldia. Abenduan eman zen estreinako aldiz, gordailuan, Berako Labiaga ikastolari, zehazki: saio-hodiak eta erreaktiboak uraren kalitatearen hainbat parametro neurtzeko.   Elkarteen eta heziketa-zentroen eskura daude beti.
 
ISO ziurtagiria

Bukatzeko, aipatu beharra dago ondoko ziurtapenetara aurkeztu zela iaz Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Tokiko Administrazioko Departamentuari atxikitako enpresa publikoa: AENOR (Espainiako Normalizazio Erakundea): ISO 9001 Kudeaketa Sistema; 14001 Ingurumen Kudeaketa; UNE 93200 Zerbitzuen Gutuna. Hiruak lortu zituen, 2018ko apirilean, eta horrek aitortu egiten du NILSAk ingurunearekiko eta kudeaketa publiko egokiarekiko duen konpromisoa.  Arestian, RECONCILIA zigilura aurkeztu da enpresa; Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkarteak eskaintzen du zigilua, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako Lehendakariordetzako Lan Zerbitzuaren elkarlanarekin, eta enpresetan kontziliaziorako eta genero-berdintasunerako neurriak ezartzea du helburu.