Pirinioetako zonak erakunde txikiek “onartzeko moduko tarifak” eskatzen ditu hiri-erabilerako uraren zikloaren plan zuzentzailerako - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2018

2018ko martxoaren 8a

Pirinioetako zonak erakunde txikiek “onartzeko moduko tarifak” eskatzen ditu hiri-erabilerako uraren zikloaren plan zuzentzailerako

Pirinioetako zonako hogei bat ordezkari (Irunberri, Oroz-Betelu, Urraulgoiti, Urraulbeiti, Galoze, Garde, Erroibar, Ustaize, Kaseda, Ledea, Tabar, Sartze, Gorza, Azparren, Nabaskoze kontzejuak, Eska-Zaraitzu eta Zangoza mankomunitateak, besteak beste)  bildu ziren atzo Irunberriko zentro zibikoan Nafarroako Gobernuak hiri-erabilerako uraren ziklo integralaren 2019-2030 plan zuzentzailearen inguruan antolatutako itzulera-jardunaldian parte hartzeko.  
 
Nafarroako Gobernuak ordezkari hauek izan zituen: Angel Pino, Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioa Sailari atxikitako Ur Zerbitzuko zuzendaria, eta Gregorio Berrozpe, Nilsa enpresa publikoko proiektu- eta obra-zuzendaria. Biek azaldu zuten “etorkizuneko erronka nagusia erregistratu gabeko ura kontrolatzea dela kontsumo jasangarria lortzeko”. Helburu horrekin, toki-erakunde eskudunek sareak berrikusi beharko dituzte eta sare horietan ihesak eragiten dituzten narriadurak edo kontrolik gabeko edo legez kanpoko hartze-puntuak identifikatu. “Pirinioetako zonan bakarrik uraren % 60 eta % 70 artean galtzen da, eta ez dago horren jakinarazpen ofizialik”, azaldu zuen Pinok. “Erregistratu gabeko urarena da, dudarik gabe, prozesu honetako gai nagusia”, adierazi zuen bezperan Sakanan egindako bileran NILSAko ordezkariak. 
 
Hala ere, beste gai baten inguruko kezka azaldu zuten bertaratutakoek: tarifen ingurukoa. Uraren planak zerbitzuaren kostu guztiak berreskuratzeko aukera emango duen tarifikazio-sistema bat aurreikusten du. Une honetan Nafarroan inon betetzen ez den errekerimendua da, baina Europar Batasunean derrigorrezkoa da Uraren Esparru Zuzentarauaren bitartez. “Kostuak berreskuratzea 2010ean gauzatu behar zen eta hamar urteko atzerapena daramagu; Nafarroa osoan gobernantza jasangarria barne hartzen duten kudeaketa-ereduak diseinatzeko unea da, Europak xedatzen duenarekin bat datorrena eta zuzentarau horiekin lerrokatutako tarifak dituena”, azaldu zuen Pinok.
 
“Tarifa bakarra” ezartzeko aukerari buruz galdetuta, Pinok erabat baztertu zuen, epe labur eta ertainera “guztiz ezinezkoa” dela uste baitu. Zentzu horretan, zonako ordezkariek solidaritate-printzipioa aldarrikatu zuten Nafarroa osorako, kostuak biztanle gutxiko erakunde txikiek “aurre ez egiteko modukoak” izan ez daitezen. Berrozpek erantzun zuen printzipio hori bazegoela planaren egungo bertsioan eta jarraitu egingo duela. Gaur egun arazketa-arloan dagoenaren antzeko tarifa-sistemarantz joatea da helburua, Nafarroan ondo ebatzita dagoena bai gobernantza-esparruan (kudeaketa-eredua) eta bai tarifa-esparruan (ez dago erakundeek aurre egin ezin dioten kosturik, etxeko kontsumoetan metro kubikoko 0,57 zentimotan ezarrita dagoen saneamendu-kanonarekin finantzatzen delako). 
 
Zentzu horretan, Pinok azaldu zuen garrantzitsua dela tarifa ahalik eta gehien doitzeko eta eraginkortasun ezak ez ordaintzeko “kontsumo piratak identifikatzea. Izan ere, ezagutzen dugu sareen errendimendu hidraulikoaren ahalmen teknikoa, baina ez benetako kontsumoa. Benetako kontsumoa osatuta egongo da erregistratu gabeko ura kontabilizatzen denean. Horrela, bakoitzak kontsumitzen duena ordainduko du eta ez ditugu ordainduko denon artean hartze ez ofizialak edo sareetako ihesak”.
 
Gaur egun, Nafarroako erregistratu gabeko ura ia % 70 da hainbat zonatan (Baztan, Bidasoa, Sakana, Pirinioak, Zangozako eskualdea…) eta inon ez % 10 baino gutxiago (tasa baxuena Iruñerrikoa da: % 12). Horregatik, itzulera-bilerak arreta berezia ari dira jartzen toki-erakundeek kontsumoak eta ihesak identifikatzeko premian, horien eskumena delako eta ez Nafarroako Gobernuarena. 
 
Bilera horrekin amaitutzat eman zen itzulera Pirinioetako zonan. Hala ere, erakundeek eta herritarrek ekarpenak egin ahal izango dituzte planaren bertsio berriaren informazio publikoko fasean (45 egun baliodun). Bertsio berriak partaidetza-prozesuko ondorio guztiak jasoko ditu. Zona honetan, hain zuzen, 147 ekarpen jaso dira azken hiru aste hauetan posta elektronikoz eta Gobernu Irekiaren web-orriaren bitartez.
 
Hurrengo bilerak
 
Hurrengo bilerak leku hauetan egingo dira: Erriberan (Tutera, martxoak 12), Iruñerrian (Iruñea, martxoak 13) eta Mairagan (Tafalla, martxoak 14). Prozesuan zehar erantzuna emango zaie erakunde, kolektibo eta herritarrek Gobernu Irekiaren bidez azken hiru aste hauetan egindako iradokizun, kexa eta beste jakinarazpen batzuei eta hasierako faseko bileretan sortutako eskaerei. Bilera horiek urtarrilaren 24tik otsailaren 9ra bitartean egin dira, Jurramendiko Mankomunitatearen salbuespenarekin. Hango bilerak ez dira egin oraindik, Lokiz mendikatetik ura ponpatzeari buruzko azterlan bat baloratzen ari delako. 
 
Azterketa honen ondorioak eskura izaten direnean, bi bilerak egingo dira eta Nafarroa osorako amaierako itzulera-bileraren data ezarriko da. Bilera hori Iruñean egingo da apirilean.
 
Bilera horren ondoren, behin betiko plan zuzentzailearen hasierako bertsioaren dokumentua aurkeztuko da, dagokion ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera. Jendaurrean edukitzeko aldia igaro eta hortik atera beharreko ondorioak atera ondoren, Nafarroako Gobernuak lege-proiektua idazteko behar diren plana eta izapide parlamentarioak onartu ahal izango ditu.
 
Planak bi seiurtekoren epea aurreikusten du plana ezartzeko, 2019an hasi eta 2030ean amaituko liratekeenak.