Nafarroak 75.657.875 metro kubiko hondakin-ur araztu zituen 2017an, ia 700 instalazioren bidez - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2018

2018/07/17

Nafarroak 75.657.875 metro kubiko hondakin-ur araztu zituen 2017an, ia 700 instalazioren bidez

Nafarroako Ibaien Saneamendurako Plan Zuzentzailearen iazko balantzean nabarmentzen da 2017an 75,6 milioi metro kubiko hondakin-ur baino gehiago tratatu zirela Foru Komunitateko arazte-instalazioetan (141 araztegi eta bostehun hobi inguru). Tratatutako emaria (75.657.875 metro kubiko, zehatz-mehatz) 2016koa baino txikiagoa izan zen, orduan 78.449.268 metro kubiko izan baitziren; 2015ean, berriz, 78.522.998 metro kubiko izan ziren. Hartara, ematen du behera egiten ari dela etengabe azken bost urteotan. Ura aurrezten ari gara, beraz, eta hori ingurumenaren gaineko berri on bat da, etxeetan eta udal-sareetan kontsumoak behera egin duela esan nahi duelako, jarduteko modu hobeengatik. Adibidez, udal-sareetan ur zikinen eta euri-uren hodiak bereizi egin dira. Sareak bereizita daudenean, euri-urek ez dute arazte-instalazioetan bukatzen; aitzitik, ibaira edo lursailetara iristen dira zuzenean, garbia izanik ez baitago tratatzeko beharrik. Instalazioetara heltzen ez diren emari horiek energia eta diru asko aurreztea ekar dezakete.
 
Ildo horretan, Plan Zuzentzailearen urteko balantzean, instalazio guztietako jardunaren eta mantentze-lanen gastuak jaso dira. Iaz 13.133.268,12 euro izan ziren, eta horietatik 7.316.442,67 euro NILSAk kudeatu zituen zuzenean, Saneamendurako Plan Zuzentzailea kudeatzen duen Nafarroako Gobernuko enpresa publikoak. Gainerakoa Iruñerriko Mankomunitateak (4.772.201,33 euro) eta Jurramendiko Mankomunitateak (1.044.724,12 euro) kudeatu zuten. Nahiz eta finantzazio osoa Plan Zuzentzailetik datorren, bi toki-erakunde horiek beren esparruan dauden instalazioen funtzionamenduaz arduratzen dira, eta kostuak Plan Zuzentzaileari jasanarazten dizkiote gero. Bestalde, berritzeko funtsaren helburua araztegietan ezohiko berrikuntza- edo konponketa-lanak egitea da, eta 4.452.586,23 euro bideratu ziren horretara.
 
Gainera, iaz 5.785.025,23 euro lanetara bideratu ziren. Honako hauek izan ziren lan horiek, zehazki: Lantz, Ledea, Puiu eta Lizarraga-Ergoienako instalazioak amaitu, Ziordiko proiektuak hasi, eta Tuterako jariatze-tanga hobetu. Halaber, proiektu hauek iaz lizitatu ziren: Jaitzekoa, Ezkarozekoa (araztegirainoko hustubidea), Urdazubikoa eta Urederrako behe-ibilguena. Bestetik, hauek guztiak idatzi ziren: Hiriberri, Errazkin, Baraibar (bigarren fasea), Aroztegi, Orotz-Betelu, Arano eta Meozkoak, Monteagudoko hustubidea aldatzea, Valtierrako hustubidea eta atxikipen-tanga berritzea, Fiteroko araztegia eraberritzea, eta hobekuntzak Corella, Baztan eta Cortesko tratamenduan, baita Behe Argako hustubideetan zein Ultzamako kolektoreetan (3. fasea) ere. 
 
Jarduera horiek zergapeko guztiek uraren ordainagiriaren bidez ordaintzen duten zerga baten bidez finantzatzen dira, baita jardunaren, mantentze-lanen, langileen eta beste batzuen gastuak ere. Zerga horri saneamendu-kanon esaten zaio. 2017an zehar, 30.405.067 euro bildu ziren. Gaur egun, tratamenduaren tarifak hauek dira: 0,5970 €/m³ familientzat eta 0,7150 €/m³ etxekoak ez diren erabileretarako (industrian, adibidez). Etxekoak ez diren erabilerak kopuru osoaren % 27 dira. Tarifak ez dira igo 2018an zehar, 2017ko tarifen aldean. Kanona 1989an sortu zen, eta ordutik gaurdaino 464,5 milioi euro bildu ditu, Plan Zuzentzailean finkatutakoa gauzatzeko erabili direnak.
 
Urteko balantzean I+G+b proiektuak ere jasota daude. Arazketa-sektoreak, gaur egun, hainbat arlotatik sortutako erronka berriei egin behar die aurre: aurrerapen teknologikoetatik sortutakoei -jomuga azaleratzen ari diren kutsatzaileetan jarri dutenak-; hazten ari den mugikortasun globaletik sortutakoei -arrisku sanitario berriak sartzen ari dena-; eta ekonomia zirkularreranzko aldaketatik sortutakoei -ingurune naturalean materia organikoa eta mantenugaiak sartzeko premian jartzen du arreta-. Kontu horiei, klima-aldaketaren ondorioen aurrean sistemak egokitzeko eta berotegi-efektuko gasak isurtzea minimizatu ahal izateko, haiek hobetzeko premia gehitu behar zaizkie. Interes horien barnean, hiru ikerketa-lerro garatu dira: era iraunkorrean drainatzeko sistemak, hirietako saneamendu-sareetan euriaren ekarpena minimizatzeko; nitrogeno eta fosforoa uretatik kentzea; eta azkenean nekazaritzako ongarri izaten diren lohien kalitatea hobetzea.
 
Gaur egun, iragazki biologikoetan oinarrituta dagoen arazte biologikoa NILSAren ohiko tratamendua izan da Nafarroako araztegi guztietan 1990. urteaz geroztik. Beharrezkoa izan den kasuetan, bestelako tratamendu batzuk ere gehitu dira, esaterako lohi aktiboak edo ohantze mugikor aireztatuak, ibaiaren arazte-prozesu naturalari jarraituz eta betiere prozesu kimikorik gabe; izan ere, ibaiaren hondoan dauden harriei esker, errazago sortzen dira bakterioak, zeinak ibaian dauden hondakinez elikatzen baitira, bidenabar hura garbituz. Bestalde, urte luzeetan erabilitako tratamendu bat 2015ean baztertu zen: biodiskoa. Horren ordez, oso zabalduta dagoen iragazki biologikoen sistema erabiltzen da, bestea baino egonkorragoak baitira teknologiari begira.
 
Amaitzeko, aipatzekoa da berrehun langile inguru dabiltzala Nafarroako arazte-alorrean; besteak beste, mankomunitateetako langileak, NILSAko taldea, zerbitzuak ematen dituzten enpresak, eta gizarteratzeko enpresak (lorezaintzarako edo araztegietako seinaleen mantentze-lanetarako kontratatzen direnak, adibidez).

HONDAKIN-URAREN TRATAMENDUA NAFARROAN
 
Iragazki biologikoa edo bakterio-ohantzea Hondakin-ura iragazki batean edo bitan tratatzea da, zeinen barnealdean betegarri plastikoa baitago, edo harrizkoa. Bakterioak betegarri horri atxikiak hazten dira, eta zama kutsagarriaz elikatzen dira, bidenabar ura araztuz. Emaitza onak eskaintzen dituzte, eta egonkortasun handia prozesuan zehar.
 
MBBR Kasu horretan, betegarri plastikoaren piezak oso txikiak dira eta flotatu egiten dute uretan; beraz, irazkiek hartzen duten lekua aurrezten da. Sistema aurrekoaren antzekoa da, eta gero eta planta gehiagotan erabiltzen dugu, lekua aurrezten baita.
 
Urmaeleratzea Ura zenbait urmael artifizialetan egoten da bigarren mailako arazte-sisteman tratatu eta gero; ohikoa da sistema hori: irazki biologikoena. Urmaelak, beraz, tratamendu osagarri bat dira, edo hirugarren mailakoa, uraren kalitate ahalik eta handiena ziurtatzen duena, eta, gainera, hura atxikitzeko aukera ere ematen du, beharrezkoa balitz. Gero eta gehiago erabiltzen dugu, eta aurkeztutako azken proiektuetan, azken fase gisa bilduta daude beti.
 
Lohi aktiboak Hondakin-urari airea injektatzea, oxigenoa areagotu eta bakterio gehiago sor daitezen, horiek karga kutsatzaileaz elikatzen baitira.