Cabredok hondakin-uren araztegia izango du 2020an - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2018

2018ko apirilaren 10a

Cabredok hondakin-uren araztegia izango du 2020an

Cabredo herriak 107 biztanle ditu erroldan, eta araztegia izango du bi urte barru. Araztegia egungo hobi septikoaren ordez jarriko da. Bi hustubidek eramaten dituzte ur zikinak hobi septikora; bat ekialdetik dator, eta bestea, mendebaldetik. Hustubideen egoera perfektua da, duela gutxi berritu baitira. Hobi septikoa, aldiz, zaharkituta geratu da, eta NILSAk horregatik diseinatu du instalazio berri bat: osoagoa, eraginkorragoa eta edukiera handiagokoa.  
 
Biztanlegune txikietarako irtenbide teknikoek, mantentzeko lan gutxi behar duten eta, ahal izanez gero, energia elektrikorik gabe funtzionatzen duten sistema sendoak instalatzeko ahalegina eskatzen dute. Cabredoren kasuan, iragazki biologikodun araztegia proiektatu da, balantza bidezko banaketarekin. Ura grabitate bidez igarotzen da materia organikoa dekantatzen den elementu batera eta, azkenik, 115 metro karratuko eta 80 zentimetroko sakonerako putzura iristen da. Putzu horretan arazten da Ega ibaira itzuli aurretik. Horrek esan nahi du urak bi tratamendu-fase dituela. Hobi septikoaren kasuan, aldiz, tratamendu bakarra jasotzen du. Egungo instalazioa eraitsi egingo dute berria martxan jartzen denean.  
 
Instalaziotik igaroko diren emarien aurreikuspena 0,40 litro segundoko da batez beste (34 m³/egunean),  2,77 litro segundoko hartzeko diseinatuta dagoen arren. Puntako emaria (uholde handietan, euri-jasa handietan, etab.) 0,95 litro segundoko izango da. Etorkizunean hirigintza- edo industria-garapenak egingo balira, instalazioak handitu gabe tratatu ahal izango lituzke. 
 
Hustubideetako jarduketei dagokienez, egungo ibilbideetan beste bi putzu berri jarriko dira, eta bilketarako beste putzu bat eta instalazio berrian sartzeko hustubide-zati bat. Mendebaldeko egungo hustubideak 673 metroko luzera du eta % 4,46ko malda. Horietatik 40 metro aldatuko dira. Ekialdekoak 234 metro neurtzen du, eta % 11,50eko malda. Ia 30 metro aldatuko dira.
 
Instalazioak 283.793 euroko (BEZ gabe) aurrekontua du, eta NILSAk kudeatzen duen eta Nafarroako zergadun guztiek uraren ordainagiriaren bidez ordaintzen duten saneamendu-kanonarekin finantzatuko da. Obren iraupena lau hilabetekoa izango dela kalkulatu da, eta jarduketa horietarako behar diren baimen eta prozesu administratibo guztiak izapidetzen direnean hasiko dira.