Bidasoa-Baztanek egungo hornidura- eta saneamendu-soluzioekin jarraituko du - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2018

2018ko martxoaren 6a

Bidasoa-Baztanek egungo hornidura- eta saneamendu-soluzioekin jarraituko du

Bera, Sunbilla, Urroz, Doneztebe eta Lesakako eta Cederna Garalur elkarteko dozena bat ordezkari joan ziren atzo Bertizera hiri-erabilerako uraren ziklo integralaren 2019-2020 plan zuzentzailearen partaidetza-prozesukoitzulera-bileran parte hartzera. Joan zen urtarrilaren 24an egindako deliberazio-bileran, gobernantza-atalak sortu zuen desadostasun handiena bertaratu zirenen artean: bertaratutakoen % 50 ur-horniduraren egungo kudeaketarekin  jarraitzearen aldekoa zen eta beste erdiak udalaz gaindiko ereduaren aldekoak. Azken aukera hori gaur egun izapidetzen ari den Tokiko Administrazioaren Erreformaren Legea onartzearen baitan egongo da.
 
Atzo ere gai berari buruz eztabaidatu zen. Honela zioen Ángel Pino Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioa Saileko Ur Zerbitzuko zuzendariak: “zona honetan ez dago baliabide-eskasiarik eta ez uraren kalitate-eskasiarik. Zerbitzuan, bestalde, ez dago eskumen-arazorik, kudeaketa-eredu jasangarriago baterantz aldatzea baino ez da behar”.
 
Eredu berri horrek ekonomikoki bideragarria izan behar du eta barne hartu behar du Uraren Esparru Zuzentarauaren Europako errekerimendua, zerbitzuaren kostu guztiak tarifarekin berreskuratu behar direla xedatzen duena. Gaur egun ez dago Nafarroan helburu hori lortzen duen erakunderik, zenbait gastu edo inbertsio, esaterako, azpiegituren amortizazioa, ez direlako kalkuluetan zenbatzen.
 
Pinok hau ere zehaztu zuen: “plana generikoa izango da hurrengo hiru urteetarako, datu guztiak biltzen doazen bitartean (kontsumoak, kostuak ezartzea, akatsak…). Gero, kudeaketa-eredu eraginkorrago eta homogeneoago bat eta erakunde bakoitzaren kasu desberdinetan oinarritutakoa planteatuko da”.
 
Bestalde, Iñaki Urrizalki NILSAenpresako (Nafarroako Gobernuko Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioa Sailari atxikitako enpresa publikoa) kudeatzaileak xehetasun gehiagorekin azaldu zuen plan zuzentzaileak xedatzen duen legeak tarifikazio-erregelamendu bat aplikatu beharko duela. “Kostu guztiak estaltzeko tarifek barne hartu behar duten gutxienekoa ezartzea da kontua”, azpimarratu zuen. Gastuak eta inbertsioak estaliko dituen ingurumen-zerga bat ezartzeko aukerari buruz galdetu zitzaionean, “epe laburrera baztertuta dagoela” adierazi zuen.
 
Erregistratu gabeko urari dagokionez (ihesengatik, legez kanpoko hartzeengatik, etab.), nabarmendu egin behar da aurreko bileran egungo egoera aurkeztu zela, urteko 2,2 hektometro kubikoko batez besteko kontsumoekin Bidasoako zonan eta 1,67 hektometro kubikoko kontsumoekin Baztanen. Horietatik, % 26,59 eta % 15,03 etxeko kontsumoarenak dira, hurrenez hurren; % 10,25 eta % 4,48 kontsumo industrialarenak, hurrenez hurren; eta kasu batean zein bestean, % 60 inguru erregistratzen ez den urarena. Planaren hasierako helburua ehuneko hori datozen urteetan % 69 eta % 74 murriztea zen. Baina partaidetzaren ondoren, datorren bosturtekoan udalerri bakoitza kasuz kasu aztertzea erabaki da, erakundeentzat errazago izan dadin kontsumoak murriztea gaur egun “ezinezkotzat” jotzen diren ehunekoak lortu beharrik gabe.
 
Laguntza-informazioa
 
13 erakunde kudeatzaile altan Bidasoan: Malerrekako mankomunitatea, Arantza, Donamaria, Etxalar, Ezkurra, Beintza-Labaien, Lesaka, Oiz, Urroz, Bera, Igantzi, Eratsun, Saldias.
 
17 kudeatzaile bajan Bidasoan: Elgorriaga, Ituren, Doneztebe, Sunbilla, Zubieta, Arantza, Donamaria, Etxalar, Eratsun, Ezkurra, Beintza-Labaien, Lesaka, Oiz, Saldias, Urroz, Bera, Igantzi.
 
Baztango zonan, bost erakunde kudeatzaile daude altan: Baztan, Urdazubi, Zugarramurdi eta bi Bertizaranan. Eta sei bajan: Baztan, Urdazubi, Zugarramurdi eta hiru Bertizaranan.
 
Altako kudeaketa ura biltzen den tokitik araztegirainoko zikloari dagokiona da eta bajako kudeaketa ibilbidearen bigarren zatirako erabiltzen da, hain zuzen ere, araztegitik etxe edo industrietaraino -ahoko ura esaten zaiona-.
 
Hurrengo bilerak
 
Hurrengo bilerak leku hauetan egingo dira: Sakanan (Lakuntza, gaur, martxoak 6), Pirinioetan (Irunberri, martxoak 7), Erriberan (Tutera, martxoak 12), Iruñerrian (Iruñea, martxoak 13) eta Mairagan (Tafalla, martxoak 14). Prozesuan zehar erantzuna emango zaie erakunde, kolektibo eta herritarrek Gobernu Irekiaren bidez azken hiru aste hauetan egindako iradokizun, kexa eta beste jakinarazpen batzuei eta hasierako faseko bileretan sortutako eskaerei. Bilera horiek urtarrilaren 24tik otsailaren 9ra bitartean egin dira, Jurramendiko Mankomunitatearen salbuespenarekin. Hango bilerak ez dira egin oraindik, Lokiz mendikatetik ura ponpatzeari buruzko azterlan bat baloratzen ari delako.
 
Partaidetza-prozesuaren helburua Plan Zuzentzailea herritar guztiengana helaraztea eta proposamen guztiak jasotzea edo zergatik baztertu diren azaltzea da. Deliberazio-bileretan 308 lagunek hartu zuten parte (220 gizonezko eta 85 emakume). Horietatik 181 (129 gizonezko eta 52 emakume) lurralde-bileretara joan ziren eta gainerakoek (88 lagun: 66 gizonezko eta 22 emakume) hiru bilera tematikoetan hartu zuten parte, Iruñean urtarrilaren 26an eta otsailaren 2an eta 9an egin zirenetan.