NILSAk gizarteratze-enpresei esleitu zaizkie bere instalazioen lorezaintza eta seinaleztapena - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2017

2017ko irailaren 12a

NILSAk gizarteratze-enpresei esleitu zaizkie bere instalazioen lorezaintza eta seinaleztapena

Mendigorria

Datorren astetik aurrera, Arrada, Buñuel, Corella, Irunberri, Larraga, Artaxoa, Miranda-Arga, Zugarramurdi, Baztan, Etxalar eta Zubietako araztegiak Josenea enpresarekin seinaleztatuko dira; Josenea gizarteratzea eta laneratzea xede dituen enpresa bat da. NILSA enpresa publikoaren –Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari atxikia–  kontratu horren bidez, zailtasunak dituzten pertsonen gizarteratzea erraztu nahi da. Kontratu hori egin baino lehen, lorezaintzaren mantentze-lana esleitu zaie Amimet, Tasubinsa eta Josenea enpresei.   

Horrela, duela egun batzuk urtean 26.346,30 euroko balioa duen kontratu bat bereganatu zuen Amimet enpresak Nafarroa hegoaldeko araztegien berdeguneak zaintzeko; Tasubinsak urtean 32.865,31 euroko balioa duen beste bat eskuratu zuen ipar-mendebalderako; eta Joseneak, beste bi: Erriberagoiena eta Erdialdea eta Pirinioak, urtean 35.213 euroko balioarekin. Kasu guztietan, kontratuek –ez dute BEZa barne– gehienez ere lau urteko iraupena izanen dute, eta epe hori igarota, berriz ere esleituko dira lan horiek. Honako hauek izanen dira izaera sozialeko enpresa horiek eskainiko duten zerbitzua: zaborrak garbitu eta biltzea, soropilen zainketa eta mantentze-lana, zuhaitz eta zuhaixken mantentze-lan egokia, azaleren jorra, lurzoruaren mantentze-lana eta faltak birjartzea.

2016an jada, NILSAk ekonomia zirkularraren irizpideak hasiak zituen seinaleztapenean, hain zuzen Josenea enpresarekin, eta aurten beste urrats bat egin du erantzukizun sozial korporatiboan lorezaintza-kontratuak esleituz; lan horiek 90.000 eurotik gorako zenbatekoa dute urtean.

Iaz, NILSA eta Josenea elkarlanean aritu ziren proiektu pilotu batean, zazpi instalaziotan: Cadreita, Castejón, Lekunberri, Mendigorria, Milagro, Erronkari eta Villafrancako araztegietan. Horietan, 288 seinale konpondu ziren haiek kendu eta berriak jarri beharrean, ordura arte egiten zen bezala. Proiektuaren arrakasta ikusita, NILSAk Josenearekin jarraitu nahi izan du seinaleztapenean, eta beste lan batzuk ere zabaldu dizkie gizarteratze-lanetan aritzen diren beste enpresa batzuei.

Etorkizunari begira, NILSAk gizarteratzea eta ekonomia zirkularra sustatzen dituzten hornitzaileen aldeko apustua egin nahi du ahal den guztietan.

Nafarroako arazte-instalazioen (141 araztegi eta 413 putzu septiko) inguruan berdeguneak daude haien ingurumen-integrazioa hobetu eta paisaia-eragina apaltzeko. Gaur egun, horien zerrenda ageri da enpresa publikoarenwww.nilsa.com webgunean, bai eta berriki egin den 312 orriko argitalpen batean, non haietara iristeko informazio zehatza ematen baita; argitalpena gaztelaniaz eta euskaraz argitaratu da edizio elebidun batean, eta herritar guztien esku dago. Argitalpenean kokalekuen informazioa ematen da, adibidez ETRS koordenadak, latitudea eta longitudea, ortofotoak, iristeko mapa eta azalpen-testu bat. Lehenbiziko aldiz 1989tik, Nafarroak argitalpen batean bildu ditu Ibaien Saneamendurako Plan Zuzentzailean ageri diren instalazio guztien kokaleku zehatza; instalazio horiek, guztira, Nafarroako biztanleriaren % 98ri ematen diote zerbitzua.