Nafarroako Gobernuak eta Lantzeko Udalak araztegia inauguratu dute sentsibilizazio-ekitaldi zibiko batean - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2017

2017ko maiatzaren 19a

Nafarroako Gobernuak eta Lantzeko Udalak araztegia inauguratu dute sentsibilizazio-ekitaldi zibiko batean

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizaldek eta Lantzeko alkate Isabel Baleztenak herriko araztegia inauguratu dute instalazioko ateak zabalik egon diren ekitaldi batean; horretan, prestakuntza-hitzaldi bat eskaini da herritarrentzat, gaztelaniaz eta euskaraz, uraren zikloari buruz eta eguneroko kontsumoan ohitura eraginkorrak sartu beharrari buruz.

Egundaino, 140 biztanleko herri horrek Imhoff tanga bat zuen, baina orain instalazio konplexuago eta eraginkorrago batean sartu da, zeinak bi fase baititu ura tratatzeko.  Lehen hobi septiko bat zegoen bertan, baina udal sareak berritzearekin batera eraitsi zen; hortaz, herriak egoera ezin hobean dagoen saneamendu-sistema bat du orain, batez beste 0,55 litro segundoko trata dezakeena, eta 3,83 litro segundoko edukiera maximoa duena.

Ura tratatzeko sistemak banatzaile mekaniko bat du, harrizko irazki baten gainean; energia elektrikorik behar ez duenez, kostuak murriztu eta efizientzia energetiko handiena ematen du.  Gainera, 270 metro koadroko azalera duten urmaelak egin dira prozesuaren bukaeran. Horietan, araztutako emaria pausatzen da ibaira itzuli baino lehen, eta, hortaz, azken kalitatea ziurtatzen duen fintze-prozesu bat da.

Eraikuntzaren aurrekontua 213.567 euro izan da, eta saneamendu-kanonaren kargura finantzatu da; herritar guztiok ordaintzen dugu saneamendu-kanon hori uraren ordainagiriaren bidez, zeina NILSA enpresa publikoak kudeatzen baitu. Hain zuzen, NILSA, Elizalderen Departamentuari atxikia, proiektu horren arduraduna da.

Enpresa honek nafar guztiei eskaintzen dien hezkuntza-programan, antzeko hitzaldiak eta instalazioetara egiten diren bisitak eskaintzen dira, doan, interes berezia duten pertsona guztientzat. Informazio guztia, baita izena emateko formularioa ere, www.nilsa.com webgunean dituzu eskuragarri.

Programak ez du etenik izan azken bi urteetan eta jarduera espezifikoak ere antolatzen dira udarako. 2016an, 4.851 pertsonak hartu zuten parte, 269 taldetan banatuta; hori zifra handiena da programa 1999an ezarri zenetik.  Ikusle guztientzat prestatutako jarduerak dira, ez ikasleentzat bakarrik, eta urte bakoitzean jarduera bariatuagoak eta zabalagoak eskaintzen ditu, hala nola emanaldiak zahar-etxeetan, jubilatuen edo emakumeen klubetan, ikasle-elkarteentzat, behar bereziak dituzten taldeentzat, eta abar. Horrek esan nahi du ikasturte bakoitzean gero eta gehiago direla bisitak eta parte-hartzea. Beraz, agerikoa da herritarrek gero eta interes handiagoa dutela uraren zikloa ezagutu eta kontsumo- eta aprobetxamendu-jardunbide egokiak barneratzeko.

Nafarroan, araztegiek guztira 78.449.268 metro kubo hondakin-ur tratatu zituzten iaz, hau da, 2015ean araztutakoa baino zertxobait gutxiago –orduan 78.522.998 metro kubo izan ziren–, eta 2015ekoa, bere aldetik, 2014an araztutakoa baino milioi eta erdi metro kubo gutxiago ziren –80 milioi metro kubo araztu ziren orduan–. Beheranzko joera horrek islatzen duenez, herritarrek eta enpresek kontsumoa aurrezteko jardunbideak barneratu dituzte.

Gaur egun, Nafarroako hondakin-uren %98 tratatzen dira. NILSAren kalkuluen arabera, 12.000 bat biztanle daude saneamendu-proiektuak noiz eginen zain; halere, 200 biztanletik beherako biziguneetan bizi dira horiek, eta kasik ez dute karga kutsagarririk sortzen. Proiektu horiek 2021. urtera arteko plan estrategikoaren barnean daude, baina oso motel egiten da aurrera inbertsio handiak behar direlako, planifikazioa zenbait ekitalditan ezartzen delako eta berezitasun aski konplexuak dituztelako (orografikoak, tratamendukoak, eta abar).